Getxoko Udalak gaur abiatuko ditu Santa Eugenia plazako lanak

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 10a, 15:04

Santa Eugenia plaza.

Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plaza egokitzeko lanen lehenengo fasea abiatuko du gaur Getxoko Udalak. Udal-iturriek zabaldu dutenez, horren proiektua prestatu dute bertan dagoen kultur etxearen eraikina diseinatu duten arkitektoek. Lanen aurrekontua 600.000 euro ingurukoa da eta horiek amaitzeko epea bost hilabetekoa da; horrenbestez, Udal-arduradunen arabera, "urte amaierarako espero da prest egotea hiritarrek erabili eta goza dezaten".

Proiektuaren lehenengo fase horrek Santa Eugenia plaza izango du ardatz, guztira 3.916 metro koadroko azalera duen jarduketa-esparrua. Zenbait etapatan egingo dituzte lanak, Itzubaltzetako jaietan, abuztuaren hasieran, plaza libre uzteko. Beharrak espazio publikora mugatuko dira. Eremu horretan, bere garaian aurreratu bezala, plazaren erdian askotariko erabilerarako eremu bat prestatuko dute, bertan hainbat jarduera antolatu ahal izateko: udako zinea eta liburutegiak, kontzertuak, antzerkia, dantzak, azokak, erakusketak eta bestelako ikuskizunak. Estalpeko gune bat jarriko dute, eta horregaz batera, hiri-altzariak (egurrezko aulkiak eta paperontzi zilindrikoak), lorategiak eta iturri bat, proiektuari buruzko Plaza izeneko erakusketa bisitatu zuten pertsonak egin zituzten eskari nagusietako bat jasoz (proposamen horiek bat datoz egokitzeko proiektuaren diseinuan bertan jasotzen zirenekin). Horrez gainera, zoladura ipiniko dute (granito naturala, eraikinaren fatxadarantz aurrera egiten duten ur-uhinen itxura daukana, zatiketa zirkularrakaz, Galeako amildegietan inspiratuta); gaur egun dauden farolak utziko dituzte eta argi gehiago kokatuko dute estalpeko gunean; akaberak egingo dituzte eta hainbat sare sartuko dute.

Bigarren faseak helduko die hiriko azpiegitura batzuk berritzeari eta alboko kaleetako egokitzapenari; horrek honakoak hartuko ditu barne: Aurrezki Kutxa kalea oinezkoentzat egitea eta Kresaltsu kalea plazan sartzea.

Proiektuak umeentzako jolasleku bat, gaur egun dagoenaren antzekoa, egokitzeko udal Gobernuaren konpromisoa jasotzen du; hori ere auzotarrek egindako proposamen nagusietako bat izan zen. Jolasleku hori proiektua bere osotasunean garatzen den bitartean ipiniko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun