Bizkaiko saskibaloi-sendiak aitortu du Getxoren lana

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 11a, 14:00

Naiara Schmith eta Markel Berrojalbiz garaikurra jasotzean. © BIZKAIKO SASKIBALOI FEDERAZIOA

Joan den barikuan, hilak 7, Bizkaiko Saskibaloiaren XIII. Gala ospatu zuten Euskalduna Jauregian. Bertan, Getxo Saskibaloi Taldeari denboraldiko klub onenaren saria eman zion Bizkaiko Saskibaloi Federazioak. Garaikurra jaso zuten harrobiko kapitain bik: Naiara Schmith bigarren mailako senior taldekoak eta Markel Berrojalbiz lehen mailakoak.

Galaren helburu nagusia izan zen 2016-2017 denboraldian nabarmendu direnei aitortza egitea da. Horregaz batera, daborduko ez daudenak gogorarazi eta egunero saskibaloiaren alde lanean segitzen dutenei eskerrak eman zizkieten. Getxok jasotako sariez gainera, bestelakoak ere izan ziren. Hala, denboraldiko emakumezkoen jokalari onenaren saria jaso zuen Gernikako Aitana Vergarak. Izan ere, Vergara Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun izan da eta Euskal Selekzioagaz Espainiako txapeldunorde ere izan da. Gizonezkoetan, Zornotzako Iker Salazarrek eroan zuen garaikurra, historia egin duen taldearen erreferente bezala. Ondoren, denboraldi honetan erretiratu den Fernando Fernández Salicioren  txanda izan zen, hogei denboralditan epaile lanak egiten jardun ondoren. Entrenatzaile nabarmenena Mario López izan zen beste behin, Lointek Bizkaia Gernikagaz izandako urte arrakastatsuaren ondoren. Sari banaketari Tabirako Saskibaloi Taldea klasikoak eman zion amaiera; saria Ina Mendibe presidenteak jaso zuen.

Jarraian denboraldiko laburpena ikusi zuten hurreratuek eta Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioko presidenteak, balantzea egin zuen. Denboraldia itxitzat eman aurretik, urrezko intsignia eman zioten Germán Monge Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren buru hamarkada luze batez izandakoari; gaur egun Monge segitzen du lanean, Euskal Federazioaren presidente gisa. Bideo batez, Txus Vidorreta, Joxean Figueroa, Isaac Amezaga eta Víctor García bezalako pertsona esanguratsuek hartu zuten parte galan, eta Mongek saskibaloi munduan egindako lanak errepasatu zituzten, jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide eta lagun alderdiei begiratuta. Monge hunkitu zen eta sorpresa polita jaso zuen bere familiako hainbat kide harmailetan zeudela ikustean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun