Landak azpimarratu du gobernu-taldeak aurrera egiten segitzen duela Legealdi Planean aurreikusitako Gobernu Irekiaren kontzeptua garatzen. Hala, defendatu du partaidetza dela bere oinarrizko hiru ardatzetako bat (beste biak Open Data eta Gardentasuna dira). Modu berean, alkateak gogorarazi du San Inazio parkea egokitzeko eta hobetzeko partaidetza-prozesua pasa den apirilaren 28tik maiatzaren 15era gauzatu zela eta, guztira, hogei bat ekarpen jaso zirela. "Proposamenak aztertu ondoren, horietako batzuk proiektuan sartzea erabaki dugu, parkearen eta bere elementu berezien jatorriko estiloa eta diseinua gordeko dituen proiektuan: elementu berriak ipiniko dira jolaslekuan, baita beste iturri bat eta banku berriak, oinezkoen ibilbideen zolatzea egingo da eta argiztapena hobetuko da, besteak beste. Ekarpen horietako asko dagoeneko sartuta daude aurkezten dugun proiektu honetan. Beraz, asko pozten gaitu Getxo Txukun ekimenak bere etekinak ematen dituela ikusteak eta denon artean (Udala eta ukitutako inguruetako auzokideen artean) aurrera eramaten ditugula proiektu partekatuagoak eta auzo bakoitzaren beharretara egokituagoak”, azaldu du prentsaurrekoan Imanol Landak, Getxoko alkateak.
Lanen aurrekontua 239.000 eurokoa da, eta hemendik gutxira espedientea bideratzen hasiko dira behar horiek esleitzeko.
Jolasleku bakarra
Jolasleku bakarra sortuko dute, egungoaren bikoitza baino handiagoa: 121 metro koadro izatetik 265 izatera pasako da. Udalaren ustean, "hobeagoa ere" izango da honako elementu berriak ipiniko baitira: zabuak, askotariko jolas-multzoak, malgukiak, eta abar. Horiek 14 urte bitarteko umeek erabili ahal izango dituzte. Gainera, jolaslekua osatzeko txikienentzako etxetxo bat ere ipiniko dute.
Hiri-altzari berriak
Eliz ondoko horman dagoen iturriaz gainera, beste berri bat jarriko dute, irisgarria, jolaslekutik hurbil. Bestalde, banku berriak ipiniko dituzte, irisgarritasun-arautegia beteko dutenak (altuera, bizkarralde, beso-euskarri, eta abarri dagokionez); eta orain dauden bankuak konponduko dituzte, "horien balio eta irudiak espazio publiko horren nortasuna nabarmentzen baitute". Baranda berria paratuko dute, irisgarritasun-arauak ere beteko dituena, handitutako jolaslekua mugatzeko. Paperontzi berriak ere ipiniko dituzte.
Berdegune berria eta espaloi handitzea
Berdegune berri bat sortuko dute, parkea inguruko etxebizitzetatik banantzeko. Halaber, espaloia handituko dute Miramar kalean, Basagoiti etorbideko elkargunetik Bilbao kaleko elkargunerainoko tartean, irisgarritasuna hobetuz. Horretarako, galtzadan dauden 8 bananondoak kendu eta espaloi-zati horren alboko berdegunera eroan beharko dira.
Zoladura hobetzea eta argi-puntu berriak
Proiektuan sartuta dago parkeko oinezkoentzako bideen zolatzea, egungo ibilbideak eta dimentsioak gordeta. Horretarako Basagoiti etorbidean erabilitako antzeko materialak erabiliko dituzte. Modu berean, argiteria berrantolatu eta argi-puntu berriak ipiniko dituzte, bai parkean bertan bai Miramar kaleko espaloi-zati berrian. Horrenbestez, inguruko ikuspena eta, batez ere, oinezkoen pasabidekoa, "asko hobetuko da", Udalaren ustean. "Ingurunearen araberako argiztapen-diseinu bat" egitea bilatuko du erakundeak.