Internetez, Getxo Kirolaken web-orrira jo daiteke inskripzioa betetzeko. Horretarako, nortasun-agiri elektronikoa edo pasahitza erabili beharra dago; pasahitza ez daukatenek bulegoan eskatu behar dute eta balioko du, aurrerantzean, kiroldegira joan barik ikastaroetan izena emateko.
Irailaren 13an, jakinaraziko dituzte zozketako emaitzak, eta plazak automatikoki emango dira, kontuan hartuz lehenengo fasean pertsonako eskaera bakarrari erantzungo zaiola. Getxo Kirolak-ek behin betiko izen-emateen berri emango du, iragarki-oholetan zein web-orrian. Gainera, izena emateko orrian posta elektronikoaren helbidea jartzen dutenei euren eskariaren baieztapena bidaliko diete.
Guztira 5.528 leku daude; horietatik, 985 izango dira aurreko denboraldian ikaskuntza-zikloko ikastaroetan parte hartu dutenentzat, eta gainerakoak jende berriarentzat. Jarduera-programari dagokionez, 25 modalitate eta 350 ikastaro eskainiko dira.
Ikastaroak euskaraz
Denboraldi berri honetan handituko da euskaraz emango diren ikastaroen eskaintza, bai umeentzat bai helduentzat. Udaleko Euskara Zerbitzuagaz elkarlanean, Bizi ikurraz identifikatutako ikastaroak euskaraz izango dira nagusiki eta hizkuntza menperatzen ez dutenei arreta pertsonalizatua eskainiko zaie. Hala, umeentzako ikastaroen %70k Bizi ikurra izango du eta, helduen kasuan, ikastaroen %24k besterik ez. Yoga, tenis, igeriketa eta padel modalitateetan izango da euskaraz jarduteko aukera.
Getxo Kirolak-ek badauzka prest ikastaroen programa osoaren liburuxkak.