Jaietarako musika ez sexista proposatuko du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 14a, 15:51

Iaz egindako elkarretaratze instituzionala, Aixerrotan izandako sexu-eraso matxista salatzeko. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak bat egin du aurten Emakundek sustatutako Beldur Barik! jarreragaz, jaietan eraso sexistak prebenitzeko eta horien kontra joateko kanpainan. Gainera, izaera sexistarik gabeko musika-zerrenda bat banatuko die jai-batzordeei eta ostatuei.

Helburua da jai-lekuetan eta festa-egunetan ere bultzatzea errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak. Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "ezin dugulako ahaztu aurreneko pausua dela edozein jarrera matxistaren aurrean jarduera proaktiboak erakustea, emakumeok zein gizonok jai- eta aisialdi-espazioak gozatzeko". Arrazoi horregatik, aurten Udalak erabaki du herritarrentzako sentsibilizazioa indartzea, urte osoan bultzatutako Beldur Barik jarreran sakonduz.

Materialak

Aipatutako ideia hori zabaltzeko, Jai-batzordeei eta ostalaritzako establezimenduei izaera sexistarik gabeko musika-gai batzuen zerrenda ere emango die Getxoko Udalak.

Gainera, Getxoko Udalak publizitate euskarri edo kubo bi ipiniko ditu jai-guneetan, uztailaren 23an, Aixerrotan, Nazioarteko Paellen Txapelketarako; uztailaren 28tik 31ra Algortako jaietan; abuztuaren 1etik 5era Itzubaltzeta/Romoko jaietan; abuztuaren 11tik 14ra Portu Zaharreko jaietan; eta irailaren 22tik 24ra Areetako Ama Mesedetako festetan. Kubo horien dimentsioak honakoak dira: 2 metro altuera eta 1,5 metro albo bakoitzaren zabalera.

Udalak 800 kartel argitaratu ditu, "Jaietan ere Beldur Barik jarrera. Lortu ditzagun eraso sexistarik gabeko jaiak"  goiburuagaz. Gainera, 5.000 pegatina egin ditu, "Kaleak, gauak eta jaiak geureak dira" esaldiagaz, udalerriko jaietan banatzeko.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun