Juan Carlos Bado uruguaitarrak entrenatuko du Getxo Rugby Taldea

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 17a, 13:29

Martínez, Bado eta Zubeldia, Faduran. © GETXO RUGBY TALDEA

Getxoko errugbi-taldeak herenegun, zapatuan, aurkeztu zuen bere entrenatzaile berria: Juan Carlos Bado tekniko uruguaitarrak denboraldi birako sinatu du klubagaz. Gizonezkoen lehen taldea zuzentzeaz gainera, Badok klubeko beste kategorietako joko-estiloa eta jarraibideak zehaztuko ditu.

Juan Carlos Bado Uruguaiko selekzioko aurrelarien eta defentsen entrenatzailea izan zen 2015eko Munduko Errugbi Txapelketan. Hala, entrenatzaile berriak Getxoko taldearen ibilbidea zein instalazioak aldez aurretik ondo ezagutzen ditu, Ingalaterrara joan baino lehen uruguaitarrak Faduran egon zirelako kontzentratuta.

Badok azpimarratu du ilusioz beteta dagoela, historia handiko klub batera etortzeagatik. Bestalde, Alberto Zubeldia Getxo Rugby taldeko presidente berria ere pozik agertu da, Bado gurera etortzeagatik, errugbiaren baloreak oso ondo islatzen dituela iritzita. Horretarako, Badok Uruguain eta Frantzian garatutako ibilbide profesionala eta pertsonala izan ditu kontuan.

Bado nazioartean lehiatu da 60 aldiz, bere jaioterriko selekzioagaz. Frantziako klubetan 11 urtez profesional jardun du eta, gainera Top 4ko txapelduna izan zen Stade Francais taldeagaz. Iaz, Uruguaiko liga txapeldun izatea lortu zuen, Old Boyseko 19 urtez azpiko taldea entrenatzen. Aurreko denboraldian, Saint Nazare talde frantziarra zuzendu zuen, Federal 1 elite-mailan.

Jose Luís Martínez Getxo Rugby taldeko kirol-arduraduna gustura agertu da entrenatzaile berriagaz: "gure taldean bultzatu gura dugun filosofiagaz bat egiten duen pertsona topatu dugu. Harrobian konfiantza duen eta etxean egindako lanari lehentasuna ematen dion pertsona. Bado jokalari zein entrenatzaileakaz lanean arituko da; dinamika horrek kirol-egitura sendoa eratzen lagunduko digu".

Getxoko entrenatzaile berria Getxoko instalazioetan egon zen zapatuan bisitan: "Erronka honi heltzeko irrikaz nago. Historia handiko klub hau lehenengo postuak lortzeko lehian egoteko lanean arituko naiz eta era berean klubeko harrobia sendotzen saiatuko naiz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun