Getxoko Udalak 14 udaltzain gehiago kontratatuko ditu

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 18a, 15:45

Udaltzain bat, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak 14 udaltzain-lanpostu deituko ditu 2017ko Lanpostu Eskaintza Publikoaren (LEP) barruan; 2. hizkuntza-eskakizuna beharrezkoa da lanpostu denetan. Kontuak hala, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak eta Segurtasuneko Koordinazio Zuzendaritzak egindako prozesu bateratuagaz bat dator Udala.

Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako agentearen txanda askearen bidezko 14 lanpostu horiez gainera, 2017ko LEParen barruan ere beste sei lanpostu deituko ditu Udalak, barne-igoerako txandan. Hala, Udalak ofizialordeko 2 plaza eta 1. agenteko 4 plaza deituko ditu; kasu bietan Udalak berak deitu eta burutu beharreko hautapen-prozesua egingo dute. Udal-iturriek azaldu dutenez, "une egokian iragarriko dira eskaerak aurkezteko epeak".

45 funtzionario berri

Bestalde, Udalak 45 funtzionario berri ditu praktiketan gaur egun. Horiek Administrari-laguntzaile kategoriakoak dira. Hilabetearen hasieran Udaleko batzar-aretoan egin zuten horiek lanean hasteko ekitaldia. Administrari-laguntzaile horietatik erdia udaletxean zegoen lanean, bitarteko langile gisa, lan-kontratuagaz, eta beste erdiak ez zuen lan-harremanik Udalagaz. Praktiketako aldiaren ondoren, karrerako funtzionario bihurtuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun