Paelletako "Bronx"-en ere beira bilduko dute aurten

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 19a, 10:54

Musika eta giro ona izaten dira "Bronx"-en erabilitako osagai nagusiak.

Datorren domekan, uztailaren 23an, 62. Paellen Nazioarteko Lehiaketa egingo dute Getxoko Aixerrotako landetan, Itxas Argia elkarteak antolatuta. Aurreko urteotan, Udalak eta Ecovidrio enpresak beira-edukiontziak ipini dituzte lehiaketaren eremu ofizialean. Aurten, birziklapena sustatzeko eta "segurtasuna handitzeko" proiektu pilotu bat ipini dute, bilketa paella lehiaketa antolatzen den esparrutik kanpo dagoen gunera zabaltzeko. "Bronx" legez ezaguna da eremu hori.

Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, "Ecovidrioren eta Udalaren arteko elkarlanari esker, ekitaldiaren egunean beira-edukiontziak ipiniko dira lehiaketaren eremu ofizialean. Horrez gainera, lehiaketaren ondoko esparrura ere hurbilduko dira, bertan sortzen diren beira-hondakinak horretarako gaitu diren edukiontzietan uzteko. Eginkizun hori errazteko, Ecovidrio enpresak jarritako lau pertsona arituko dira lanean eta heldulekudun plastikozko poltsak banatuko dituzte parte hartzaileen artean, beira-hondakinak bertan sar ditzaten. Pertsona horiek aldian-aldian igaroko dira postuetatik bereizitako beira jasotzeko eta esparruan ipinitako edukiontzietan hondakinak deskargatzeko. Aurtengoan, ekintza hori lehiaketa ofiziala antolatzen den alboko eremura zabalduko da, hartara, esparru horretan beira-hondakinak uztea saihesteko eta azken urteotan ohikoak izan diren erorikoak, irristadak eta ebakiak gutxiagotzeko”, adierazi du Arregik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun