Delitugintza ia %5 igo da Getxon azken sei hilabeteetan

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 21a, 14:43

Ertzain pare bat. IREKIA - EUSKO JAURLARITZA

Ertzaintzak gaur jakinarazi ditu 2017ko lehenengo sei hilabeteetan erregistratutako delituen estatistikak. Getxon arau-hauste penalek %4,76 egin dute gora, iazko datuakaz alderatuta. Ez da gaizkileak gehien erakarri duen udalerria, Bilbon hazi baita gehien delinkuentzia: %5,56. Dena den, Getxoko datuak txarrak dira EAEkoakaz eta Bizkaikoakaz alderatuta. Autonomia-mailan, %0,87 jaitsi da delinkuentzia-tasa eta lurralde historikoan, %0,40 igo. Denera, 13.569 pertsona eroan ditu Ertzaintzak epailearen aurrera, 2016an baino % 3,1 gehiago.

2017ko lehenengo sei hilabeteetan Ertzaintzak EAEn erregistratutako delituek ia puntu bat egin dute behera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Bilakaera positiboa da ia delitu nagusi guztietan, Europar Batasunak, gizartean sortzen duten alarma dela eta, "estrategikotzat" jotako guztiak barne direla (homizidioak, etxebizitzetako lapurretak, indarra erabiliz egindako lapurretak, ibilgailuen lapurretak eta droga-trafikoa), eta apur bat gora egin dute, aldiz, besteak beste lesioakaz edo sexu-erasoakaz erlazionatutako arau-hausteek. Delituek behera egin duten arren, epailearen aurrera eroandako ustezko delitugileen kopuruak %3,1 egin du gora.

Ertzaintzak guztira 39.595 arau-hauste penal erregistratu eta ikertu ditu 2017ko lehenengo seihilekoan, hain zuzen ere, 2016ko aldi berean baino %0,87 gutxiago (39.944). Tasatan adierazita, 1.000 biztanleko delituen tasa 18,08koa da aurten, eta 2016an 18,24koa izan zen; "adierazi behar da azken 4 urteotako zifrarik baxuena dela" oroitarazi du euskal Poliziak.

Emaitza hori "erabat da positiboa" da, Ertzaintzaren arabera; "izan ere, seihilekoko emaitza ona izateaz gainera, zuzendu egin da lehenengo hiruhilekoan emandako atzerapausoa, 212 delitu gehiago izan baitziren".

Beheraldirik nabarmenena delitu larrienetan, homizidio burutuetan, izan da. 2016an lau izan ziren eta aurten, berriz, 2.  Bi kasuak argitu eta ustezko egileak epailearen aurrera eroan ditu Ertzaintzak. Bi homizidioak urtarrilean gertatu ziren. Lehenengoa hilaren 10ean Portugaleteko (Bizkaia) etxebizitza batean gertatu zen, gizonezko batek 92 urteko ama labanaz hil zuenean; bigarrena hilaren 26an Andoainen (Gipuzkoa), gizonezko batek hutsik zegoen higiezin bati su eman ondoren barruan zegoen beste gizonezko bat hil zuenean.

Sexu-askatasunaren aurkako delituek %28 egin dute gora

Lesioek, ostera, gora egin dute seihileko honetan, eta 2.565etik 3.048ra pasatu dira (%18,83 gehiago), Ertzaintzak "familia barruko tratu txarrak" deitzen dituenak barne; horiek dira gora gehien egin dutenak. Lesiorik eragin ez duten "familiaren esparruko ohiko tratu txarren" kasuek %9,55 egin dute behera. Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteek, ostera, gora egin dute, eta 2016ko lehenengo seihilekoan 170 arau-hauste izatetik aurtengo aldi berean 218 izatera pasatu dira, %28,24 gehiago.

Ondarearen aurkako delituak delituzko arau-hausteen hiru laurdena dira, eta iaz hasitako beheranzko joerari jarraitzen diote: 30.336tik 29.176ra (%3,82) jaitsi dira. Adierazgarria da etxebizitzetan indarra erabiliz egindako lapurretetan izandako beheraldia (%18,74); etxebizitzetako lapurretetan nahiz trasteleku, eranskin eta garajeetan izan da beherakada hori. 

Etxebizitzetako lapurreten beherakada hori hiru lurralde historikoetan gertatu da: Gipuzkoan, %26,33 egin dute behera, 843 kasutatik 621era; Bizkaian, %14,56 egin dute behera, hain zuzen ere, 1.113 kasutatik 951ra; eta Araban beherakada %8,94koa izan da, eta 179tik 163ra jaitsi dira.

Indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretek ere behera egin dute (%16,63), eta motordun ibilgailuen lapurretek ere bai, "lehenengo aldiz azken hamar urteotan", Ertzaintzak gaineratu duenez. Jaitsiera hori %28,93koa izanda. Iruzurrak atal berezia dira, "gizarte-sareen gorakadagaz lotuta daudenez, eta azken urteotako hazkunde ikaragarria kontrolatzen hasita dagoela dirudi": %3,66 egin dute gora.

Droga-trafikoagaz lotutako arau-hausteen bilakaera ere positiboa da (%8,22ko jaitsiera), eta "ordena publikoaren aurkako" arau-hausteena ere bai; "epigrafe horretan ia desagertu egin dira 'terrorismo' motaren bategaz lotutako nahasmenduak, eta beste era batekoak bakarrik izan dira (borrokak, mehatxuak...)", Ertzaintzak azaldu duenez.

Esparru geografikoa

Lurralde historikoen arabera, beherakada ia orokorra dela esan daiteke: behera egin dute zifrek Araban (%3,80) eta Gipuzkoan (%2,06) eta Bizkaian, berriz, apur bat gora (%0,40). 50.000 biztanletik gorako udalerriak kontuan hartuta, behera egin dute Barakaldon (% 9,58), Gasteizen (%7,86), eta Irunen (%1,51). Ostera arau-hauste penalek gora egin dute Bilbon (%5,56), Getxon (%4,76) eta Donostian (%1,03).

Atxiloketak eta ikerketak

Nahiz eta delinkuentziak orokorrean beheranzko joeran segitzen duen EAEn azken urteotan, ustezko delitugileak epailearen aurrera eroanda amaitu diren Ertzaintzaren ikerketek gora egin dute ekitaldiz ekitaldi. Alde horretatik, lehenengo seihilekoan guztira 13.569 pertsona agertu dira epailearen aurrera arau-hauste penalen baten kontu emateko. Zifra hori 2016ko aldi berekoa baino %3,1 gehiago da, iazko aldi berean 13.154 pertsonari jarri baitzitzaien salaketa penala.

Batez ere nabarmentzen dira pertsonakaz, pertsonen bizitzagaz eta osotasunagaz zerikusia dutelako bereziki larriak diren delituengatik, hau da, homizidio mota ezberdinen, lesioen eta sexu-askatasunaren aurkako delituen ondorioz, atxilotu eta ikertu diren pertsonen kasuak, delitu horietan egin baitute gora gehien erruztatzeek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun