Udalerriko 14 zentrotako (13 aurreko ikasturtean) haurrek eta gaztek parte hartu zuten joan den ikasturtean programa orokorretan eta geletako tailerretan, ahalmen pertsonal positiboak (gestio emozionala, baloreak…) bereganatzeko, sustantzien erabilpen ezegokirako arriskuak murrizteko eta baita teknologia berrien erabilpen egokia sustatzeko ere. Inplikatutako irakasleen kopurua 285 izatetik 296ra pasa zen.
Hazkundea, neurri handi batean, Haur Hezkuntzako zentroen inplikazio handiagoagatik izan da, Getxoko Udalak azaldu duenez: "batez ere, ikasgeletan Emozioen Heziketa lantzeko hazten dabiltzan motibazioagatik. Horren adierazgarria izan da irakasleei zuzenduta pasa den maiatzean antolatutako Emozioak ezagutzen eta kudeatzen izenburuko jardunaldian 75 pertsonak parte hartu izana".
Haur eta Lehen Hezkuntzetako kasuan udalerriko 12 zentro publikotako eta pribatutako 3.800 ikaslek lan egin zuten (aurreko ikasturtean, 2.653k), 197 irakasleren laguntzagaz. Jorratutako gaien artean egon ziren heziketa baloreak eta ohitura osasuntsuak, eta tailerretan ere parte hartu zuten, esate baterako, gizarte sareen erabilpenari lotutako arriskuei buruzkoan. Parte hartu zuten ikastetxeak honakoak izan ziren: Andra Mari, Juan Bautista Zabala, Larrañazubi, Romo, San Ignacio eta Zubilleta eskolak, Geroa eta San Nikolas ikastolak, eta Azkorri, Divino Pastor, Nuestra Señora de Europa eta Trinitarias ikastetxeak.
Bestalde, zazpi zentrotan landu zituzten drogamenpekotasunen prebentzioa, alkoholaren eta tabakoaren arriskuak eta gizarte sareen erabilpen arduratsua. Tailer horietan 2.225 gaztek parte hartu zuten, 99 irakasleren laguntzagaz. Saioak honako zentroetan egin zituzten: Julio Caro Baroja eta Aixerrota institutuetan, San Nikolas ikastolan eta Azkorri, Divino Pastor, Nuestra Señora de Europa eta Trinitarias ikastetxeetan.
Udalak azpimarratu du, "beste urte batez mantendu zela ikasgela barruan ikastetxeek egindakoen tailerren eskaera, hau da, hainbat entitatetako teknikari adituek (Etorkintzak, Ortzadarrek, Hagitzek, Ertzaintzak...) gidatutakoak". 2016/2017ko ikasturtean mota desberdinetako tailerrak burutu ziren, hurrengo gaiei buruz: menpekotasunen prebentzioa (sustantziena edo sustantziarik gabekoena), Gizarte Sareen erabilpen egokia, sexu eta heziketa afektiboa eta alkoholaren kontsumoaren arriskua.