Igogailu panoramikoa zabaldu dute Begoña jauregiko galerietan

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 24a, 11:32

Begoña jauregiko igogailua. © GETXOKO UDALA

Begoña jauregiko galerietako igogailu panoramikoa martxan dago daborduko. Ekipamendu berria abian da galeriak bisitatzera hurbilduko diren pertsonentzat. Igogailuagaz, eroso eta segundo gutxi batzuen buruan igo daitezke Punta Begoñako bisitariek orain arte ibili behar izaten zituzten lau solairuak. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek eta Getxoko Udaleko teknikariek elkarlanean jardun dute egitasmo horretan.

Hala, igogailu horregaz, bisitariak errazago iritsiko dira galerietara; gainera, igogailua bera begiratokia ere bada, atzealdean panoramikoa delako. Galeriek ondare gisa duten balioa dela eta, eta galerietan inpaktu bisual eta fisiko ahalik eta txikiena eragite aldera, "eraikinagaz bat datorren diseinua" hautatu dute, Udalaren arabera. Hiru geldialdi egiten ditu, 7 lagun eta 535 kilogramo hartzeko gaitasuna du, eta altzairu herdoilgaitzez eraikita dago. Martxoan hasi ziren igogailua instalatzeko lanak, eta obraren kostua 43.435 eurokoa izan da.

2017an hainbat lan egingo dituzte eraikinean, irisgarritasuna hobetzeko, guneak gehiago erabili ahal izateko eta galerietako elementuen hondatze-prozesua geldiarazteko, eta igogailuaren instalazioa, hain zuzen ere, lanon barruan sartzen da.

Esleituta hego-mendebaldeko galeriaren lana

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak  127.737 eurotan (%21eko BEZa barne) esleitu du Begoña jauregiko hegoko galeriara sartzeko lana. Gaur egun ez dago Begoña jauregirako sarbiderik kanpoaldetik hego-mendebaldera (Arriluzeko Gurutze Gorriaren eraikinaren aurrean dauden lorategietatik), teknikariak, ikertzaileak eta bisitariak igarotzeko beharrezkoa dena. Sarrera berri hori beste sarreraren osagarri izango da, eta haietako batetik sartzeko eta hurrengotik irteteko aukera emngo du; horrela, galerietan zehar ibilbide lineala egiteko aukera emango du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun