Egonkor dauden emakumeen kasuan, gorputzaren %20, %18 eta %12 erreta daukate; 60 urte, 46 eta 43 dituzte, hurrenez hurren. Bosgarren zauritua atzo Gurutzetako ospitalera eroan bazuten ere, daborduko alta eman diote, Ospitaleak, EITBk eta albiste-agentziek emandako datuen arabera.
Imanol Landa Getxoko alkateak bere atsekabea agertu zuen atzo Aixerrotako istripuagatik, eta tamalgarritzat jo zuen gertatutakoa. gainera, zaurituen egoera gertutik segitu du eta ahalik eta lasterren sendatzea opa die.
Getxoko Udaltzaingoak azaldu duenez, litekeena da istripua sortu izana paella-lehiaketan parte hartzeko asmoz piztutako su batera norbaitek kerosenoa jaurti zuenean. Horrek sugar handia eragin zuelakoan daude. Hala, inguruan zeuden hainbat lagun zauritu ziren. Daborduko, Ertzaintzak zabaldu du atestatu bat, gertatukoa argitzeko eta balizko epai-ardurak zehazteko.
Zauritutako bost pertsona eroan zituzten Gurutzetako ospitalera eta batek alta jaso zuen. Larrialdi zerbitzuen arabera, istripua 19:00ak aldera jazo zen.