Joan den zapatuan, "lehoi emeek" azken lagunarteko partida jokatu zuten Londresen. Bertan, Ingalaterrari 7-15 irabazi zioten. "Gorritxoek" markagailuan aurreratu ziren Bàrbara Plak eginiko jokaldi on bati esker. Getxoztarrak erdiraketa bidali zion Berta Garcíari, eta azken horrek 0-5ekoa lortu zuen. Lehen zatiko 29. minutuan, Amaia Erbinak bigarren entsegua eskuratu zuen (0-10); eta neurketa amaitzeko bost minutu falta zirela, Eli Martínezek norgehiagokako azkena lortu zuen espainiarrentzat (0-15). Ingalaterrak aldeak murriztu zituen azkenengo minutuetan.
Hain zuzen, ingelesen aurka hasiko dute getxoztarrek eta espainiarrek Irlandako Munduko Kopa, Dublinen, abuztuaren 9an, eguaztenean. B multzo horretan izango dira ere AEB eta Italia. Bigarren partidan, AEB izango ditu aurkari José Antonio Bravoren taldeak lau egun beranduago, domeka arrastian. Italiaren aurka itxiko dute lehenengo fasea abuztuaren 17an, eguenean, 15:45ean. Bost egun geroago, hurrengo kanporaketak lehiatuko dira; eta finala abuztuaren 26an jokatuko da, 18:00etatik aurrera.
Munduko Emakumezkoen Errugbi Koparen taldeak
A taldea: Zeelanda Berria, Gales, Kanad eta Hong Kong.
B taldea: Espainia, AEB, Ingalaterra eta Italia.
C taldea: Irlanda, Australia, Frantzia eta Japonia.