Geroa ikastolako horma-irudiak hondatu dituzte

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 25a, 16:17

Geroa ikastolako horma-irudietan agertutako pintaketen adibideetako bat.

Getxoko Geroa ikastolak hainbat eraso jasan ditu azken asteotan; uztailaren erdialdean, Haur Hezkuntzako eraikineko kanpoaldeko horma-irudien gainean hainbat pintaketa egin zituzten ezezagunek. Mota horretako erasoak ez dira berriak; izan ere, Loli Hernandez Villalabeitia ikastolako zuzendariak jakinarazi duenez, joan den hilabetean HHko 2. urteko umeen ikasgela "suntsitu" egin zuten, "dena hankaz gora utziz". Hori guztia dela eta, zuzendariak azaldu du ikastetxearen kanpoaldean zaintza kamerak jartzea eskatu gura diotela Udalari, "egoitzen ardura berarena baita". Hala ere, hori egin bitartean, inguru horretan udaltzainen presentzia areagotzea gura dute.

Hernandez Villalabeitiak azaldu duenaren arabera, azken erasoak ez ziren gaueko ordu txikitan izan, "iluntzean baizik". Hori dela eta, gaizkileak nerabeak direla uste dute ikastolako arduradunek. Hala, eraso horiei aurre egin guran, kamerak ezartzea eta Udaltzaingoaren presentzia areagotzea beharrezkoa dela uste dute: "agian, neurri horiekin horrela jarraitzeko asmoa joango zaie".

Duela aste batzuk agertutako pintaketak direla eta, Geroa ikastolako zuzendariak dio "lotsagarria eta penagarria" dela. "Ulergaitza egiten da horrelako jokabidea azaltzea. Oso nabaria izan da familiak (guraso eta seme-alabak batera) lanean ibili direla. Oso nabaria izan da egindako lana aurrera ateratzeko hilabeteak behar izan dituztela. Nolabait esateko, auzolana izan da. Eta amaitzean, horrelako txikizioa egitea besteekiko errespetu eza ikaragarria da. Zerk bultzatzen du horrelako jokabidea?", galdegin du Hernandez Villalabeitiak.

Geroa ikastola, auzokoa

Ikastetxearen zuzendariak gogoratu du Geroa auzoko ikastola dela, eta auzokoa izanik, ez zaiola "inoiz" inori sarrera ukatu. "Asko dira urteetan ibili diren nerabe eta gazteak, eskolak amaitu ondoren edota asteburuetan pilotan, futbolean, saski-baloitan, paletan pilota-lekuan edo arrats pasa egiten dutenak lagunen artean. Neurri handi batean ere, eurek bertan ibiltzeak ekidin egin ditu baldarkeria hauek, nahiz eta noizbehinka arazoren bat sortu", aitortu du zuzendariak.

Ikastetxearen arduradunak iragarri duenez, gutxi batzuen jokabideak bestelako neurriak hartzera behartzen baditu, "denen kalterako izango da; orain arte edonoren erabilerarako irekia izan den lekua itxi egingo da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun