Hernandez Villalabeitiak azaldu duenaren arabera, azken erasoak ez ziren gaueko ordu txikitan izan, "iluntzean baizik". Hori dela eta, gaizkileak nerabeak direla uste dute ikastolako arduradunek. Hala, eraso horiei aurre egin guran, kamerak ezartzea eta Udaltzaingoaren presentzia areagotzea beharrezkoa dela uste dute: "agian, neurri horiekin horrela jarraitzeko asmoa joango zaie".
Duela aste batzuk agertutako pintaketak direla eta, Geroa ikastolako zuzendariak dio "lotsagarria eta penagarria" dela. "Ulergaitza egiten da horrelako jokabidea azaltzea. Oso nabaria izan da familiak (guraso eta seme-alabak batera) lanean ibili direla. Oso nabaria izan da egindako lana aurrera ateratzeko hilabeteak behar izan dituztela. Nolabait esateko, auzolana izan da. Eta amaitzean, horrelako txikizioa egitea besteekiko errespetu eza ikaragarria da. Zerk bultzatzen du horrelako jokabidea?", galdegin du Hernandez Villalabeitiak.
Geroa ikastola, auzokoa
Ikastetxearen zuzendariak gogoratu du Geroa auzoko ikastola dela, eta auzokoa izanik, ez zaiola "inoiz" inori sarrera ukatu. "Asko dira urteetan ibili diren nerabe eta gazteak, eskolak amaitu ondoren edota asteburuetan pilotan, futbolean, saski-baloitan, paletan pilota-lekuan edo arrats pasa egiten dutenak lagunen artean. Neurri handi batean ere, eurek bertan ibiltzeak ekidin egin ditu baldarkeria hauek, nahiz eta noizbehinka arazoren bat sortu", aitortu du zuzendariak.
Ikastetxearen arduradunak iragarri duenez, gutxi batzuen jokabideak bestelako neurriak hartzera behartzen baditu, "denen kalterako izango da; orain arte edonoren erabilerarako irekia izan den lekua itxi egingo da".