Getxoko Andrés Isasi Udal Musika Eskolaren hileroko kuota 6 euro handituko da

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 27a, 12:25

Algortako Andrés Isasi Musika Eskola, barrutik. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalbatzak behin-behinean onetsi du Andrés Isasi Udal Musika Eskolaren tasa arautzen duen ordenantza fiskala aldatzea. Hain zuzen ere, musika-tresnen eta irakasgai kolektiboen irakaskuntza kuotak eguneratu egingo dira: "2 euro gehituko dira taldekako irakasgaien (musika hizkuntza, orkestra, abesbatza, fanfarrea, konboa…) hileroko kuotara, eta 4 euroan espezialitateko irakaskuntzena (musika-tresna eta abeslari solista); horrenbestez, kuota 6 euro handituko da musika eskolako ikasle bakoitzeko", azaldu du Gobernu-taldeak.

Udal arduradunen ustez, familia guztiek "arazorik gabe ordaindu dezakete alde hori". Izan ere, haren iritziz, "eguneraketa da, eta ez igoera, tasak ez baitira 2007. urtetik handitu eta proposatu ditugunak oraindik ere antzeko ezaugarriko beste udalerri batzuetakoak baino txikiagoak baitira".

PP taldeak proposamenaren aurka bozkatu zuen hauxe argudiatuta: "igoera neurrigabea da horrenbesteko gerakina duen udalerri baten kasuan. Izan ere, igoera Bilbon baino handiagoa izan da, eta ez ditu berreskuratu familia ugarientzako laguntzak". GUK taldeak ere ez zuen babestu ordenantzaren aldaketa “ez deritzogu beharrezkoa tasa igotzeari".

EH Bildu eta Ciudadanos taldeek proposamena babestu zuten, eta PPri leporatu zioten demagogia baliatzen ari zela eta ez zuela ekarpenik egin epe barruan. Gainera, EH Bilduk adierazi zuen PPk kontu bat azaldu gabe utzi zuela: hain zuzen, musika eskolaren erabiltzaileek gehiago ordaindu ezean, Getxoko biztanle guztiek ordaindu beharko dutela.

2016 kontu orokorra

2016ko kontu orokorrak oniritzia jaso zuen osoko bilkuran. Gobernu-taldeak adierazitakoaren arabera, Udalaren kudeaketa "onaren" isla da; oposizioaren ustez, ordea, "asko hobetu" daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun