Kaleratze bi salatu dituzte Areetako enpresa batean

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 1a, 13:49

Elkarretaratzea, La Oka dendaren aurrean. © CNT-LKN

CNT-LKN sindikatuak elkarretaratzea egin zuen pasa den eguenean, uztailaren 27an, Areetako La Oka delicatessen dendaren aurrean, Mesedetako Amaren kalean. Protesta horren bidez, sindikatuak eskatu zuen enpresak bertako dendatik kaleratutako bi langileak berronar ditzan.

Erakunde anarkosindikalistaren ustean, La Oka delicatessen dendetako langileek "badakite zer den eskubideen urraketa enpresaren partetik": "Badakigu geure eskubideak defendatzea jazarpena dakarrela, 2013tik hona eguneko ogia da”, kaleratutako beharginetako batek esan duenez. Euren ustetan, enpresak  "hemen nork agintzen duen adierazteko" erabili ditu kaleratzeak. "Arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte, baina badakigu arrazoi nagusiena gure filiazio sindikala izan dela", berretsi du kaleratutako sindikalista.

Kaleratutako bi lankideek Areetako dendan lan egiten zuten. "Garestiak zirela esan zieten, erabat gezurra dena", adierazi du CNT-LKNk. "Langile batek lanpostua aldatzeko eskatu zuen, lan-hitzarmena onartzen duen moduan; besteak domekatan behar egiteari uko egin zion", azaldu du sindikatuak. Euren ustean "enpresari gustatu ez zitzaizkion jarrerak". Langileetako bat 14 urtez izan zen dendako arduraduna, beti ordutegi beragaz. Baina, enpresak lan ordutegia alda zezan "jazarpena jasan zuen", sindikatuak salatutakoaren arabera: "horren ondorioz, antsietate eta depresioagatik baja eman zioten".

"Horregatik diogu ez direla arrazoi ekonomikoak, errepresio sindikala baizik", azpimarratu du erakunde anarkosindikalistak. Sail Sindikaleko langileek gogorarazi dute 2014an Lan Harremanen Kontseiluak enpresari eman ziola afiliatuen zerrendaren, eta horrek afiliatuen jazarpena handitu zuela. Hori dela eta, "kaleratutako bi langileen berronarpena lortu arte borrokak jarraituko du", esan du sindikatuak. Lehenengo elkarretaratzea Areetako dendan egin zuten arren, Ataco enpresak Bilbon dituen beste dendetan ere egingo dituzte, "beste neurrien artean". Sail sindikalak langileen elkartasunari deia egin dio, "edozein langileren aurkako erasoa denon aurkakoa delako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun