"Gertaera aipagarri barik" amaitu dira Algortako jaiak

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 2a, 13:57

Kuadrillen jaitsierako irudi bat.

Aurtengo Algortako San Inazioko jaiak bukatu dira "gertaera aipagarri barik", Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarregaz egindako jarduera-balantzearen arabera, "ez da egon pertsonen kontrako delitu larririk ezta askatasun sexualaren kontrakorik ere.

Jasotako gertaerak ez dira aipagarriak izan eta horiek ez dituzte lesio larriak eragin, eta Polizia biek, koordinaturik eta era eraginkorrean, garaiz eta behar den moduan erantzun zizkieten gertaera guztiei", Hiritarren Segurtasunerako sailetik adierazi dutenez.

Udaltzainek zortzi lagun atxilotu dituzte saninazioetan, delitu txikiak leporatuta. Horietatik, zazpi kasu hauek zabaldu dituzte:

  • Gizonezko bat gazte bati eskuko telefonoa lapurtu zuelakoan.
  • Emakumezko adingabe bat eskuko telefonoa indarkeria erabiliz ebatsi zuelakoan.
  • Pertsona bi Matxitxako kaleko etxebizitza batean lapurtu zutelakoan.
  • Gizonezko bat agintaritzaren agente baten aurkako delitua egin zuelakoan. (polizia bat jo zuen identifikatzen saiatzen ari zenean).
  • Beste bi lagun atxilotu zituzten bide-segurtasunaren kontrako delitu bana egotzita.

Bestalde, udal-polizial beste lagun bi dabiltza ikertzen: bat, adingabekoa, berea ez zen eskuko telefonoa edukitzeagatik eta, bestea, gizonezko bat, diru-zorro bat lapurtu zuelakoan.

Lau alditan, udaltzainek esku hartu zuten bi edo hiru gazteren arteko liskarretan, lesio arinak eragin zituztenak, salaketa barik.

Beste bitan ere esku hartu zuten, arazo psikologikoak omen zituen pertsona bat sortzen ei zebiltzan trabengatik, eta gazte bat skate bategaz kolpatzeagatik sortutako liskar batengatik.

Udaltzainek "kalez kaleko salmenta kontrolatzeko prebentziozko kontrolak" egin zituzten: hala, zenbait postu kendu zituzten eta material piroteknikoa atzeman zuten, hala nola puzgarriak, eguzkitako betaurrekoak eta abar.

Era berean, eta modu prebentiboan, jai-eremuan identifikatu zituzten "delitu-historia luzea" omen duten pertsonak, denden inguruetan zebiltzanak, ibilgailuetan ustez lapurtu gura zutenak, helbidea ikertzeko epailearen errekisitoria zituztenak, eta drogak hartzen edo edari alkoholikoak hartzen zebiltzan adin txikikoak. Beste adin gabeko bati marihuana atzeman zioten Herritarren Segurtasunerako Legeari erantzunez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun