Gobelaurre Boluntariotza Zentroko lokalak eska daitezke daborduko

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 2a, 14:22

Gobelaurreko zentroa. © GETXOKO UDALA

Datorren irailaren 11ra arte zabalik egongo da Getxoko Udalaren Gobelaurre Boluntariotza Zentroko lokalen doako erabilpena lortu ahal izateko eskaerak aurkezteko epea.

Udal Gizarte Zerbitzuetako arloan lan egiten duten elkarteei zuzenduta dago gunea. Lagapenaren helburua izango da elkarteek lokala egoitza gisa erabiltzea eta baita komuneko lekuak aldi baterako jardueretarako erabiltzea. Ostera, noizbehinkako jardueretarako guneen erabilera ez da sartuko deialdi horretan, hori urte osoan zehar eska daitekeelako, beti ere, lekua libre dagoenenean eta ordutegiaren barruan.

Gobelaurre zentroak 463 metro koadroko azalera du eta badauzka egoitzetarako lekuak, aldi baterako jardueretarako espazioak (tailerrak, prestakuntza- ikastaroak…) eta noizbehinkako jardueretarako ere  (jardunaldiak, bilerak…).

Aipatutako lekuen erabilera lagatzea eska dezakete izaera juridikoa duten etekin asmorik gabeko elkarteek, Getxoko Udalean edo Eusko Jaurlaritzan erregistratuta baldin badaude eta helburu sozialak baldin badituzte.

Eskaerak udalerriko HABetan aurkeztu ahal izango dira, eta baita Gizarte Zerbitzuek Algortako Urgull kalean duten egoitzan, edo legeak aurreikusitako lekuetan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun