Gizon bat atxilotu dute Getxon, genero-indarkeriazko delitu bat egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 7a, 14:47

Getxoko Udalak gaur jakinarazi duenez, bertoko udaltzainek gizonezko bat atxilotu zuten abuztuaren 5ean, "genero-indarkeriazko delitu bat egin izana egotzita, bere bikotekidea jotzeagatik". Zapatu goizaldeko 03:40ak inguruan, Udaltzaingoak dei bat jaso zuen azalduz emakumezko bat bere etxebizitzaren atariko eskaileratan zegoela, umea besoetan; ustez bikotekideagaz eztabaida gogorra izan ostean. Gizonezkoak bultzatu eta iraindu egin zuela, etxetik bota zuela eta atea itxi ziola jakinarazi zien 30 urteko emakumeak udaltzainei.

Atariko eskaileratan zela deitu zion emakumeak Udaltzaingoari. Udaltzainak bertaratu zirenean, emakumeak adierazi zien indarkeria egoera hartaz gainera, "bere harremanean, hainbat alditan, bikotekidearengandik beste gertakari bortitzak jaso izan zituela, salatu ez dituenak". Getxoko Udalak jakinarazi duenez, emakumeak jasotako erasoa dela eta, udaltzainek 27 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, eta Getxoko Guardiazko Epaitegiaren esku utzi zuten.

Udalaren prentsa-oharraren bidez, Getxoko Berdintasun Zerbitzuko zinegotzi Keltse Eigurenek "ustezko erasoa gaitzetsi du eta gogoratu du indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria dela". Bide batez, "tratu txar fisikoak edo psikikoak jasaten dituzten emakume biktimak Gizarte Zerbitzuetara jotzeko animatu ditu, han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete"; bestelako aukerak ere gogorarazi ditu:

Getxoko Gizarte Zerbitzuak: 944 660 151

Udaltzaingoa: 944 660 202

Ertzaintza: 944 063 420 

Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono-zenbakia: 900 840 111

SOS DEIAK 112

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun