Jabetza pribatuko lorategi bat "okupatu" gura izatea egotzi dio Getxoko Auzokideok plataformak Udalari

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 9a, 11:55

Romo Kultur Etxearen atzeko partean dagoen lorategia okupatu gura izan zuten atzo Bycam enpresako langileek. © GETXOKO UDALA.

Romo Kultur Etxearen ondoko etxe bateko bizilagunek euren jabegokoa den lorategia "okupatzea" galarazi diete Bycam enpresako langileei. Getxoko Auzokideok plataformak jakinarazi duenez, etxe horren jabegokoa den lur-eremu horretako zuhaitzak moztu eta lorategia okupatzeko agindua eman zien Udalak beharginei. Hala ere, auzokideek lursail horren jabetzako eskritura erakutsi diete langileei: "lorategia komunitatearena da etxea eraiki zenetik". 

Auzokideek azaldu dutenaren arabera, Getxoko Udalak "inoiz" ez du lursail horren jabetza eskatu, "Kultur Etxea eraikitzen hasi zirenean ere ez". Hala ere, jakinarazi dutenez, Udalak txosten tekniko bat egitea agindu du orain duela 40 urte hesituta egon den lorategi hori udal-jabegokoa dela esateko. "Horrek esan gura du Udalak jabetzak aldatzeko eskumena duela berak bere buruari agindutako txostenen bitartez", deitoratu dute auzokideek.

Dirudienez, jabetza pribatu hori eskuratzeko premia du Udalak Romo Kultur Etxearen atzealdean larrialdietarako irteera bat egiteko beharra dagoelako; "hori ez dute hasieran kontutan hartu, eraikina diseinatzerako orduan ere ez", auzokideen arabera.

Hori guztia dela eta, lorategi horren jabeek salaketa bat jarri zuten atzo epaitegietan, "jabetzaren usurpazioagatik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun