“Magic Fly Experience” ibilbide elkarreragilea gaurkotu du Getxoko Turismo Bulegoak

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 11a, 15:59

Ibilbide turistiko eta kultural elkarreragilearen bertsio berritua aurkeztu du gaur Getxoko Turismo Bulegoak. "Magic Fly Experience" turismo-eskaintza interaktibo "gaurkotuak" eta "hobetuak" ibilbidearen hasiera eta amaiera zelangura aukeratzea ahalbidetzen du, besteak beste.

Joan den urteko martxoan martxan ipinitako "Magic Fly Experience" ekimenaren berritasunak erabilgarri ipini ditu Getxoko Turismo Bulegoak gaur, abuztuaren 11n. Azaldu dutenez, "bertsio berriak ibilbidearen alderantzikagarritasuna aurreikusten du, hau da, turistei eta bisitariei aukera ematen die Bizkaia Zubian edo Portu Zaharrean hasteko (orain arte noranzko bakarrean egiteko aukera zegoen bakarrik)".

Horrez gainera, "zerbitzuaren erabilgarritasuna hobetu" dutela adierazi dute, "erabiltzailearentzat errazagoa eta intuitiboagoa izateko; eta hobekuntza teknikoak ezarri dira, zerbitzuaren erabileraren datuak hobeto ezagutzeko. Horretarako, ibilbidearen hasieran eta amaieran dauden totemak ordezkatu dira. Modelo berriek informazio gehiago eta intuitiboagoa izateko aukera eskaintzen dute. Era berean, ibilbidean dauden aztarnei presentzia gehiago eman dizkiete turistek eta bisitariek ibilbidearen zati bat direla eta ibilbidearen edozein tokitik has daitezela errazago uler daitezen.  Horretarako, horien diseinua hobetu da, egungo lokalizazio batzuk aldatu dira eta altzairu markotan jarri dituzte".

Getxoko Udalak akordura ekarri duenez, "Magic Fly Experience" ekimenaren helburu nagusia honako hau da: "Bizkaia Zubiaren inguruetan bereziki, eta bigarren maila batean Portu Zaharrean, biltzen diren bisitariak eta turistak animatzea inguru bi horiek lotzen dituen itsasertzetik ibiltzera eta haietaz gozatzera, informazioa, irudiak eta bideoak eskainiz". Turismo zinegotzi Irantzu Uriarteren berbetan, "helburua da turistek eta bisitariek Getxon bizitzen duten esperientzia hobetzea da, itsas pasealekuan zehar topa daitezkeen interesgune nagusien interpretazioa errazten duen zerbitzu osagarri bat eskainiz, Bizkaia Zubia eta Portu Zaharra lotzen dituztenak, udalerriko baliabide turistiko nagusiak, hain zuzen ere".  Zerbitzu berria dela adierazi du, "teknologia berrietan oinarritua; besteak beste, Getxon turistek eta bisitariek egiten dituzten batez besteko egonaldiak luzatzea helburu duena". Doako zerbitzua lau hizkuntzatan dago (gazteleraz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez), urte osoan eta edozein unetan erabil daiteke: QR kodea irakurtzen duen aplikazioa telefonoan edukitzea baino ez da beharrezkoa.

Orain arteko zerbitzuaren erabilera "arrakastatsutzat" jo du Turismo Bulegoak: "2016ko martxotik urrira bitartean, ibilbidearen 23.753 bistaratze izan ziren (hasierako helburua 10.000 bistaratze lortzea izan zen). Erabiltzailearen %26k (6.100) emandako aztarnaren bat helmugan ikusi zuten".

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun