Getxoko Udaltzaingoak gaur jakitera eman duenez, joan den zapatuko goizaldean, 04:00ak aldera, Portu Zaharreko landagunean jazotako "liskar jendetsua" argitzeko polizia-eginbideak bideratu ditu. 5 zauritu izan ziren eta liskarrean ustez parte hartu zuten 12 pertsona identifikatu zituzten, horien arteko gehienak adingabeak. "Antza denez, jai eremuaren barruan gazte batzuek kristalezko botilak jaurti zituzten eta bost pertsona zauritu zituzten iskanbila sortuz. Egileek ihes egin zuten eta jende asko joan zen euren atzetik".
Beste borrokaldi eta liskar batzuk ere izan zirela baieztatu du Udaltzaingoak, "garrantzi txikikoak", baina, horietan beste 5 pertsona identifikatu zituzten. Polizia-eginbideak egiten dabiltza kasu horiek ere argitzeko.
Udaltzaingoaren egoitzan, jai eremuan eta inguruetan gertutako ebasketengatik 6 salaketa aurkeztu dituztela ere azaldu dute, eta txostena bideratu dutela Arriluzen gertatutako bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik: pertsona bat bere ibilgailua gidatzen ari zen alkoholaren eraginpean, eta kotxea geldiarazi zuten udaltzainek.
Bestalde, Itzubaltzeta/Romoko jaietan jazotakoen balantzea ere ezagutarazi du Udaltzaingoak. Batetik, jai-giroa oker zezaketen "liskar ahalegin batzuk" gelditu zituztela azaldu dute. Bestetik, "eraso batengatik salaketa bat" egon zela adierazi dute, eta, ondorioz, bi pertsona identifikatu zituztela. Hirugarrenik, Romoko auzokidea den gazte bat atxilotu zuten, "osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita (droga-trafikoa)"; horrez gainera, kalean drogak kontsumitzeagatik 6 akta zabaldu zituzten. Amaitzeko, lapurreta bi izan zirela eta, salaketa bana aurkeztu dute; eta beste 6 salaketa, ebasketak izan zirela eta (diru-zorroak, poltsa, sakelako telefonoa, etab.).