Aurten, jarduerak, tailerrak, ibilbideak eta hitzorduak egongo dira Getxophoto-ren egitarauaren barruan: 30 egunean zehar, egileak interesa duten pertsona denakaz elkartuko dira eta haiekaz berba egiteko aukera izango dute. Jaialdiaren zuzendaria den Jokin Aspuruk prentsaurrekoan adierazi duenez, "ekitaldiak egileen, profesionalen eta publikoaren artean esperientziak trukatzeko topagunea izan nahi du".
Erakusketa gehienak aire zabalean izango dira "esparru publikoa topagune izan dadila aldarrikatuz". Besteak beste, Ereaga hondartza eta Portu Zaharra bat egiten duten ingurunean eta Algortako erdigunean ikusi ahal izango dira Giulio Di Sturco, Paolo Woods edo Daniel Beltrá bezalako artisten lanak –horiek guztiak World Press Photo sariaren irabazleak–, eta Mandy Barker, Edmund Clark edo munduko beste artistenak ere bai. Erresuma Batuko, Mexikoko, Japoniako, Irango edo Espainiako artisten lanak ikusgai egongo dira. Jaialdiaren komisarioa den Monica Allendek azpimarratu duenez, "gai guztiak lotuta daude argazkiak ikusgai dauden tokiekin".
Koldo Iturbe Kultura zinegotziak adierazi duenez, "Getxophotok bere lekua finkatu du korronte artistiko abangoardistenen/aurrerakoienen ispilu gisa eta nazioarteko mailako ezagutza eta dibulgazio ekitaldi kulturala bihurtu da". "Ekimen hau", esan du, "Begi Handi elkartearen lanaz gain, beste eragile pribatu eta sozial, kultural, merkatari, txoko, ostalaritzako establezimendu eta zaletu askoren arteko kolaborazioaren emaitza da, berriz ere, Udala eta eragile ezberdinak elkarlanean. Elkarrekin egindako lan horri esker, Getxophoto nazioarteko eragina duen kultur ekitaldi bihurtu da, udalerriaren jarduera ekonomiko eta turistikoa sustatzen duena, baina batez ere ikuskizunetik harago doan ekitaldia da; egitarau zabal honetan ikusle aktiboak sustatu nahi dira, hauek motibatu eta beraien emozioak biztu. Getxophoton parte hartu dudanean , argazkien esanahia hobeto ezagutu dut, hain sinplea den mezu hau ekimen honek bermatu egiten du eta horregatik herritarrak animatzen ditut horrekin gozatzera".
Jardueren egitaraua
Jarduera gehienak jaialdiaren lehenengo egunetan izango dira (abuztuak 30-irailak 3). Aipatu behar dira emakumezko bik emango dituzten berbaldiak, jaialdiaren epizentroa den Punta Begoñako galerietan egingo direnak. Abuztuaren 31n, 19:30ean, Japoniako argazki-liburuetan aditua den Yumi Gotok bere liburu-sorta pertsonalaren "bitxiak" erakutsiko ditu. Bestetik, zapatuan, irailaren 2an, 19:30ean, Tate Modern-go argazki-komisarioa den Shoair Mavlianek Alejandro Castellotegaz elkarrizketa egingo du (Getxophoto-ren lehenengo komisarioa eta PhotoEspaña–ren sortzailea). Halere, irailaren 2an, ibilbide berezia egingo dute jaialdian barrena, Monica Allende komisarioak gidatuta; gaueko ibilbideak egongo dira eta Oheak zine-emanaldiak, Begoñako galerietan.
Egitarau osoa eta informazio osagarria: www.getxophoto.com