Hasiko den lehenengo fase horretan, Algortako etorbidea urbanizatuko dute berriro, Andrés Cortina eta Torrene kaleen artean. Irailaren 8ra bitartean, obren prestaketa-lanak egingo dira: Tangora plazan obra-txabolak jarriko dira, topografia lanak egingo dira eta dauden zerbitzuak berrikusiko dira, besteak beste.
1.1 Fase horretako lanak, zentsu hertsian esanda, irailaren 11n, astelehenean, abiatuko dira eta uste da hilabete bat iraungo dutela. Lanak amaitu arte, tarte horretan ibilgailuek errei bakarretik joan beharko dute eta oinezkoek ezkerreko aldean dagoen espaloitik edo Basagoiti etorbidetik ibili ahalko dute. Lanak ezkerreko aldera eramango dituztenean, ibilgailu eta oinezkoek eskumako aldetik ibili beharko dute.
Algortako etorbidean, Telletxe eta Torrene kaleen artean, bidea berrantolatzeko proiektua Gobernu-taldeak PPgaz adostutako hitzarmenaren emaitza da, eta oinezkoentzako esparruak indartuko ditu. Jarduketa horrek aurreikusten du ibilgailuentzat zirkulaziorako bide bakarra sortzea, espaloi berriak (irisgarritasun araudia beteko dutenak) eta ilarako aparkamendu tarteak egokitzea, kalearen zabalerak uzten duen lekuetan.
Horregaz batera, eremu guztian zoladurak, galtzadako akaberak, espaloiak eta garajeetako sarbideak ere berrituko dira; hiri-altzari berriak (paperontziak...) ipiniko dira; argiteria publikoa guztiz berria instalatuko da (LED teknologia duten argi-zutabeak); eta saneamendu-sare berria jarriko da.