Getxoko Udako Itsas Lasterketa antolatuko dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 4a, 12:00

Getxo Igeriketa Waterpolo klubak antolatu du ekimena. © GETXOKO UDALA

Zapatu honetan, irailaren 9an, egingo dute Getxoko Udako VII. Itsas Lasterketa, igerian, Getxo Igeriketa Waterpolo klubak antolatuta. Proban lagunduko dute Getxo Kirolak udal-erakundeak eta Bizkaiko Igeriketa Federazioak.

Proba 16:30ean hasiko da, 13 urtera bitarteko haurren mailagaz; distantzia 300 metrokoa izango da, Ereagatik irten eta han bertan amaitzeko. Ondoren, 17:00etan, helduen proba izango da, absolutuen eta beteranoen kategoriakaz; maila horietan, Arrigunagako eta Ereagako hondartzen artean dagoen 2.700 metroko tartea bete beharko dute igerian.

Proban parte hartzeko inskripzioa etzidamu, egunean, itxiko dute, 12:00etan. Ezarritako prezioak honakoak dira federatuta ez dauden herri-igerilarientzat: haur-mailakoentzat, 10 euro; eta 15 euro absolutu eta beteranoentzat. Federatuek 5 euro gutxiago ordaindu beharko dute. Probaren egunean ere egin ahal izango da izen-ematea, baina prezioa bikoitza izango da.

Parte hartu gura duten pertsonek informazio osoa kontsultatu eta izena eman ahal izango dute Getxo Igeriketa Waterpolo klubaren webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun