Aitor Zubeldia Getxo Rugby Taldeko jokalaria deitu du Espainiako selekzioak

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 4a, 17:35

Aitor Zubeldia Elzo jokalari hori-beltza deitu du Espainiako 18 urtez azpiko zazpiko errugbi-selekzioak. Getxo Rugby Taldeko harrobian hezi da Zubeldia; hiru laurdenekoen lerroan zenbait posiziotan jokatu dezake.

Zubeldiak gaur dauka hitzordua Madrilgo Blume egoitzan, beste 16 jokalari gehiagogaz. Lehen deialdi horretatik irtengo dira Europako 18 urtez azpiko Zazpiko Errugbi Txapelketan jokatuko duten behin betiko 12 jokalariak. Txapelketa Heildelbergen (Alemanian) izango da, irailaren 9an eta 10ean. Bertan, taldeetako fasean, Ingalaterra, Lituania eta Italia izan daitezke Zubeldiaren arerioak.

Getxo Rugby Taldeak zoriondu du Aitor Zubeldia, "lehen deialdian sartzea lortzeagatik, jokalari gazteak egindako lanaren emaitza izan baita. Zorte on, Aitor!". Modu berean, klubak gogorarazi duenez, "azken denboraldietan, harrobiko zenbait jokalari beheko kategorietako Espainiako deialdietan sartu dira, eta klubaren beheko kategorien oso irudi ona eman dute".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun