Denboraldi berrian trainerua ateratzen ahaleginduko da Raspas

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 5a, 18:32

Raspasekoek brontzeko domina lortu dute aurten aulki mugikorreko Euskadiko Arraun Txapelketa Absolutuan, 8+ kategorian. © RASPAS

Lau urtez KAE-2tik kanpo izan ondoren, Raspas arraun-elkartea bere trainerua berriro uretaratzeko dabil prestatzen, 2018ko denboraldian tostetan atzera lehiatzeko asmoz. "Elkartean harrobiko mutil-talde bat dago senior-mailara iritsi dena eta, horri esker, traineruaren proiektuari berriro heldu ahal izateko aukera iritsi da", azaldu du kirol-taldeak.

Raspasek "traineruan gogo eta itxaropen handiak" ditu ipiniak. Eta horien oinarri da elkartearen kirol-talde teknikoak azken urte hauetan egindako ganorazko lana; "behar horren berme dira aulki mugikorrean lortutako emaitza bikainak, gazte horiek titulu eta domina mordo bat eskuratu baitute", gogorarazi dute Raspaseko kideek.

Gaur zortzi, datorren irailaren 12an, hasiko da denboraldi-aurrea Raspas arraun-elkartearentzat. Hori dela eta, elkartetik dei egin diote proiektu horretan parte hartu gura duen jende denari; modu berean, goi mailako errendimenduko arraunketa probatzera animatu dute, tostetan zein arraun olinpikoaren modalitatean. Horretarako, interesatutako pertsona guztiak klubaren egoitzara hurbil daitezke, Areetako Moilako pasealekuan dagoen ontziralekuan, goizez edo arratsaldez eta Marcos Morales entrenatzaileaz galdetu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun