Castro Kopa estropada aterako da zapatuan, Areetatik

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 6a, 11:30

Castro Koparen artxiboko irudia. © ABRAKO ITSAS ERREGE KLUBA

Abrako Itsas Errege Klubak eta Castro Urdialeseko Itsas Klubak antolatuta, zapatuan, irailaren 9an, Areetatik aterako da Castro Kopa bela-estropada, 13:00etan. Proba horrek Getxo eta Espainiako Castro Urdiales udalerriak batuko ditu, beste urte batez. Domekan, estropada Castro Urdialesko uretan egingo dute, ordu berean. Denera, 50 bat belaontzik hartuko dute parte.

Proba klasiko hori 1907an egin zen lehenengo aldiz eta 1973an desagertu zen, Areetako klubaren instalazioak erre ostean; 1990eko hamarkadan berreskuratu zuten. Aurten, honako mailatan lehiatu ahal izango da: gurutzaontzi, J80 eta First Class 8. Lehenengo etapan, zapatuan, marinelek bi udalerrien arteko itsasbidea bete beharko dute. Bigarrenean, ostera, estropada teknikoa egingo dute, hiruki olinpiko batean 12 milia betetzeko. Bi estropaden emaitzen batuketak erabakiko ditu irabazleak. Abrako Itsas Errege Klubeko iturriek azaldu dutenez, Javier Galloren "Yamamay" ontzi kantabriarra da faborito nagusia. Izan ere, iazko irabazlea izateaz gainera, Gallok beste hamar aldiz lortu du kopa altxatzea 2000. urtetik. Dena den, euren ustean "Aizen", "Symphony", "Maitena", "Phoenix", "Despeinada", "Zazpiki", "Salem" eta "Gorilón" ontziek ere badute irabazteko aukera. Kopa Castro Urdialeseko auzokideek ordaintzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun