Getxoko Miliarako inskripzio-epea zabalik dago

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 11a, 13:15

Lasterketaren artxiboko irudia. © ITXARTU

Datorren irailaren 23an, zapatuan, jokatuko da Getxoko Miliaren XI. edizioa. Atletismozaleek irailaren 19ra arteko epea daukate, inskripzioa betetzeko.

Lasterketarako izen-ematea doakoa da eta interesdunek bete ahal izango dute, hilaren 19ra arte, Itxartu.com webgunean eta Algortako Torrene kaleko Kantxa Kirol Moda dendan. Inskripzioa egitean, parte-hartzaileak izen-abizenak, jaiotze-data, bizi-udalerria, eta kluba edo ikastetxearen izena eta sexua emateaz gainera, maila zehaztuko du: txikia (2011, 2012, 2013an... jaioa), aurreumetxoa (2009 edo 2010ean), umetxoa (2007 edo 2008an), kimua (2005 edo 2006an), haurra (2003 edo 2004ean), kadetea (2002an), gaztea (2000 edo 2001ean), juniorra (1998 edo 1999an jaioa) edo herrikoi-seniorra (1997an edo lehenago jaioa).

Elitekoen lasterketetan parte hartu gura dutenek, federatu-fitxa edo lizentzia aurkeztu behar izango dute, ezinbestean. Inskripzio hori gonbidapen bidez egingo denez, interesdunek "Elitekoen partaideen eskaera" izeneko fitxa bete beharko dute. Antolatzaileek bere fitxa eta datuak aztertu ondoren, harremanetan ipiniko dira eurekaz, federatu-lasterketan parte hartzeko baldintzak adosteko, ahal baldin bada, edo, federatu-lasterketan onartuko ez badituzte, lasterketa herrikoian parte hartzeko aukera emateko.

Antolatzaileek ez dute inskripziorik onartuko probaren egun berean. Dortsalak helmugaren hurbil egongo den karpa batean jasoko dira lasterketa egunean eta gutxienez norberaren lasterketa hasi baino ordu erdi bat lehenago.

Lasterketa

Algortako Telletxe plazak eta kaleak osatuko dute XI. Getxoko Miliaren pista. Proba Itxartu Taldea kultura eta kirol-elkarteak eta Getxoko Atletismo Taldeak antolatuko dute, ohi legez, Udalaren eta Getxo Kirolaken laguntzagaz. Getxoko Milia gizonezko zein emakumezkoen maila denetan korritzen den iraupen-erdiko herri-lasterketa da, txiki eta umeen mailetatik seniorretara, federatuak zein ez federatuak barne.

Lasterketa goizeko 11:40tik aurrera egingo da, kategoria desberdinak tarteka aterako direla, txikienetatik hasita eta gizonezkoen federatu mailakoakaz amaitu arte, 13:00etan. Parte hartzaileek, behe mailatakoak izan ezik, hau da, kadeteetatik federatuetara, lau eta erdi itzuli eman beharko dituzte Telletxe plaza eta kalean kokatutako zirkuituan, hots, guztira 1.609 metro (itzuli bakoitzak 353 metro ditu).

Sariak

Txiki, benjamin, kimu eta haur mailetan ez da sari berezirik egongo, Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiek ezarritako araudien arabera. Dena den, beste partaide denek legez, maila horietako korrikalariek oparitxo bana jasoko dute, euren parte hartzea eskertzeko.

Kadete, gazte, junior eta herrikoi mailetan garaikurrak egongo dira lehen hiru sailkatuentzat. Federatu mailan, lehen hiruentzako garaikurrak ez ezik, gizonezkoek zein emakumezkoek, honako diru-sariak jasoko dituzte lehenengo zortzi sailkatuek: 250 euro, 200, 150, 125, 100, 75, 50 eta 25, hurrenez hurren. Gainera, kategoria horretan lehenengo lau euskal herritarrek ere sari osagarriak izango dituzte: 100 euro, 75, 50 eta 25, hurrenez hurren. Horrez gainera, antolatzaileek sari bereziak ezarri dituzte lasterketaren markak gainditzeagatik. Zirkuituko errekor absolutua lortuz gero 200 euro, eta euskal errekorra gaindituz gero 150 euro, bi kasuetan mutil zein neska izanda. Gainditu beharreko markak honakoak dira:

  • Emakumezkoen errekor absolutua: Iris Fuente Pila (2008): 05.09
  • Emakumezkoen euskal errekorra: Leyre Medina (2011): 05.15
  • Gizonezkoen errekor absolutua: Peter Bomo (2008): 04.18
  • Gizonezkoen euskal errekorra: Ivan Fernández (2011): 04.23

Probaren helburuak

1987an sortu zen Getxoko Milia, baina gerora proba galdu zen, 2008an Itxartu Taldea kultura eta kirol-elkarteak eta Getxoko Atletismo Taldeak berriro antolatzeari ekin zioten arte. Orduan honako helburuak finkatu zituzten:

  • Getxo Milia kirol-lasterketa bera sendotzea.
  • Atletismoaren jarduera sustatzea.
  • Getxo Udalerria bera sustatzea.
  • Bizkaiko herritarrei kirol-ikuskizun egokia eskaintzea.
  • Kirola egiten herri-guneak erabiltzea, Udalaren Iraunkortasunaren inguruko politikak indartzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun