Benfica izango da Jolasetako Patin-hockey Nazioarteko Txapelketaren izarra

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 9a, 10:15

Benficako hockey-taldea, artxiboko irudian. © SPORT LISBOA E BENFICA

Datozen irailaren 16an eta 17an, zapatuan eta domekan, Jolasetako Nazioarteko Patin-hockey Txapelketa jokatuko da, Neguriko kirol-klubaren instalazioetan. Elkarteak zabaldu duenez, Sport Lisboa e Benfica hockey-taldeak baieztatu du bere parte-hartzea txapelketaren laugarren edizioan. Talde portugesa nazioarteko patin-hockey talderik garrantzitsuena da: 1916an sortua, Benficak Europako liga bi irabazi ditu azken bost denboralditan. Gainera, Portugalgo 23 Txapelketa eta 15 Kopa ere lortu ditu.

Nazioarteko Patin-hockey Txapelketa da Jolasetako Patin-sailak antolatzen duen ekimenik garrantzitsuena eta urtero erabiltzen duten talde nagusia aurkezteko. Hala, aurten Jolaseta Espainiako Lehenengo Mailara bueltatuko denez, txapelketa gogor samarra izango da, aurretiko-denboraldiko prestaketak ondo baliatzeko. Urriaren 14an estreinatuko da Jolasetako lehenengo taldea, Kataluniako Vilanova i La Geltru herriko taldearen aurka.

Hala, Jolasetak aitortu dute txapelketan lehiatuko diren lau taldeetatik eurena dela "ahulena". Izan ere, Benficaz gainera, Negurikoek Alcobendas eta Gradoko Asturhockey taldeak izango dituzte arerio. Talde madrildarra Espainiako Lehenengo Mailan dago, Jolaseta bezala, eta talde biek elkar topatuko dute hirugarren jardunaldian. Negurikoek azaldu dutenez, Alcobendasekoek "igotzeko aukera argiak dauzkate". Asturiarrek, ostera, Espainiako maila nagusian jokatzen dute, OK Ligan. Edozein kasuan, talde bi horiek ondo ezagutzen dituzte Jolasetako zaleek eta jokalariek. Asturiarrak orain dela urte bi lehiatu ziren Negurikoen aurka, Lehenengo Mailarako igotze-fasean; gainera, lehenengo urtean izan ezik, orain arteko Nazioarteko Patin-hockey Txapelketako edizio denetan hartu dute parte. Alcobendasek orain dela urte bi jokatu eta irabazi zuen txapelketa hori.

Bestalde, madrildarrek gonbidapena bueltatu diote Jolasetari eta irailaren 23an eta 24an Negurikoak Alcobendasera bidaiatuko dira, klubaren hiruko sariketan parte hartzeko. Lehiaketa beste talde madrildar batek osatuko du: Rivas Las Lagunas taldeak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun