Euskara ikasteak bost kolektibotan suposatzen dituen ekarpenak azpimarratzen ditu kanpainak, hainbat kartelen, foileto baten eta sare sozialen bitartez zabalduko diren askotariko irudien bitartez; bost kolektibo horiek honakoak dira: gurasoak, gazteak, pertsona nagusiak, merkatariak eta etorkinak.
Urtero legez, izen-emate epea irailean zehar egongo da zabalik, eta aurten ere, ikastaro eta ordutegien eskaintza zabala izango dute.
Eskaintza zabala auzo guztietan
Euskara ezagutu, ikasi eta hobetu gura duten 16 urtetik gorakoek aukera handia izango dute udal, Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta Bai&By euskaltegietan, maila guztietako ohiko ikastaroakaz batera, honako hauek ere izango dira: modulu txikiak, tituluak ateratzeko prestakuntza, autoikaskuntza, mintzatzeko klaseak edo plazerrez ikasteko saioak, presiorik gabe. 6 eta 15 urte bitartekoentzat Algortako Inguma Umeen Euskaltegiak eta Areetako Uztarri Umeen Euskaltegiak eskaintzen dituzte ikastaroak.
Urtero bezala, tailerrak ere izango dira dendarirentzat eta ostalarientzat, etorkinentzat eta seme-alabakaz euskaraz egin gura duten gurasoentzat. Egizu elkartearen eskutik, Berbalaguna ekimena, euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin gura dutenak biltzen dituen programa ere abian izango da.
Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak (63.360 euro) emango eta baita Bizkaiko Foru Aldundiak (www.bizkaia.eus/euskaratxartela) eta HABEk (http://www.habe.euskadi.eus) ere.