Proposamenak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak izan behar dira, bertako herritar guztien interesa eta onura lehenesten dituztenak eta ez dute legez kontrako, difamaziozko zein diskriminaziorako edukirik izan behar.
Imanol Landa Getxoko alkateak adierazi duenez, "jarduera hori Gobernu Irekiaren Ekintza Planaren barruan dago, udal aurrekontuetan gastu publikoaren konpromisoak identifikatzeko herritarren parte-hartzeko prozesuak egitea aurreikusten duen planean, hain zuzen. Auzokideen esku ipiniko da ekarpenak egiteko aukera, urtarrilaren 10etik aurrera udal aurrekontuak egiten diren bitartean. Horrela, Udalak ideia, proiektu, proposamen... horiek guztiak 2018ko aurrekontuetan txertatzeko aukera izango du. Horretarako, oraingo honetan prozesu honi buruz hitzaldi informatibo gehiago antolatu ditugu, baita hitzaldi horiek egiteko leku gehiago ere".
Jose Luis Landa bozeramale sozialistak aipatu duenez, orain dela bi urte EAJ eta PSE-EEren artean sinatutako akordioan, "gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustu garbia egin genuen. Orain arte zenbait prozesu parte-hartzaile egin ditugu: Emakumeen Etxea, BentaraNoa, Fadurako parke publikoa… Iaz, lehenengo aldiz, herritarren proposamenak aurreikusten zituzten aurrekontuak onartu ziren eta aurten metodologia hobetzen saiatuko gara Tokiko Gobernuaren izaera zabalean sakondu ahal izateko".
Prozedura
Amaia Agirre Herritarren Partaidetzarako zinegotziak gogoratu du proposamenak honako pertsona hauek plantea ditzaketela: "Getxon erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein herritar; bertoko erakundeen erregistroan izena emanda duen edozein erakunde; helbide soziala edo establezimendu iraunkorra Getxon daukan edozein elkarte, fundazio, sindikatu, enpresen elkarte, profesionalen elkargo, zuzenbide publikoko korporazio edota bestelako erakunde, baldin eta nortasun juridikoa esleitu bazaie, antolamendu juridikoarekin bat etorriz".
Proposamenak aurrez aurre edo online egin daitezke eta jasotzeko ezarritako bideak ondorengo hauek izango dira:
- Herritarren Arretarako Bulegoetan (HAB) eta Andra Mari, Gobela eta Fadurako kiroldegietan jarriko diren kutxetan erabilgarri dauden inprimakiak betez eta entregatuz.
- Proposamena(k) (eskaneatutako eranskin gisa) helbide elektroniko honetara bidaliz: gobernuirekia@getxo.eus .
- Udal-webgunean erabilgarri dagoen inprimaki digitala betez.
- Algorta, Areeta eta Bidezabal geltokien inguruan jarriko diren postontzietan inprimakia sartuz.
- Areetako (irailak 15), Algortako (irailak 16) eta Bidezabalgo (irailak 22) metro geltokien inguruetan jarriko diren karpetan.
Proposamenak aurkezteko azken eguna urriaren 1a izango da, 15:00etan. Ondoren, udal teknikariek aztertuko dute herritarren proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. Behin prozesua amaituta, herritarrentzako itzulketa-txostena egingo da, bertan, hartutako proposamen eta erabakien arrazoiak azalduko dira.
Hitzaldi informatiboak
Partaidetza bidezko udal aurrekontuak sakonago ezagutzeko, hainbat aurkezpen egingo ditu Udalak:
- Irailaren 18an, 19:00etan: Algortako Villamonteko kultur etxean.
- Irailaren 19an, 19:00etan: Getxo Elkartegia (Areeta).
- Irailaren 20an, 19:00etan: Gobelaurre Boluntzariotza Zentroa (Romo).
- Irailaren 21ean, 19:00etan: Andra Mari Kiroldegia.
- Irailaren 22an, 19:00etan: Gobela Ikastola.
Gainera, udalerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ere saio informatiboak egongo dira.