"Mugikortasun partekatua eta norberaren ibilgailua partekatzeak dituen abantailak nabarmendu nahi ditugu, errepidean dabilen ibilgailu kopurua, kutsadura, eta gidatze kilometro kopurua murrizten laguntzen baitu, aurrezpen ekonomikoa izateaz gain. Gainera, aplikazio mugikorrak ugaltzeari esker, gaur egun autoak partekatu ahal dira eta bidaiak egiteko eta gastuak partekatzeko pertsonak harremanetan jarri ere, ahaztu gabe beste pertsona batzuk ezagutzeko eta harreman berriak sortzeko aukera bat dela", nabarmendu du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.
Jarduera programa
Jarduera programa hilaren 16an, zapatua, hasiko da, 10:00etan, Martxa Nordikoa teknikaren azalpen labur bategaz, eta gero paseo txiki bat eginez, Algortako Telletxe plazatik Areetako Xake plazaraino. Erresistentzia-kirol hori Finlandian sortu zen, eta makilen laguntzaz ibiltzean datza. Gorputz osoko giharrak sendotzen ditu, erresistentzia fisikoa eta psikologikoa hobetzen du, immunitate-sistema indartzen du eta zahartze-prozesua berandutzen du. Horretan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da.
Domekan, hilaren 17an, Autorik Gabeko Eguna ospatuko da. 8:00etatik 20:00etara trafikoa moztuko da Areetako eta Algortako erdiguneetan, eta udalerriko kirol klubek jolasak antolatuko dituzte, puzgarriak, haur-zirkuituak, bizikletak... Kale horietan dauden garajeetako ibilgailuen irteera baino ez da baimenduko. Murrizketa horiek ez dute eraginik izango garraio publikoetan eta aldez aurretik Udalaren baimena daukaten establezimenduen ibilgailuetan (eskaerak: ingurugiroa@getxo.eus).
Astelehenetik barikura (18tik 22ra), doako ikastaro bat egingo da Areetako Evaristo Txurruka moilan, bizikletaz ibiltzen ikasteko. Bi txanda egongo dira aukeran, 18:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Aldez aurretik izena eman beharko da.
Aurten "Bizikletaren erabilera hiri barruan" izeneko ikastaroa errepikatuko da. Martitzenean, hilak 19, izango da, 18:30etik 20:00etara, Areetako Xake plazan. Ordu berean zenbait bizikleta elektriko jarriko dira ikusgai, zirkuitu txiki batean frogatu ahalko direnak (NANa utzi beharko da bertan).
Eguaztenean, hilak 20, 19:00etan, Algortako Mariandresena kaleko 1 zenbakian, Taller Bici Bilbao-k doako tailerra emango du, bizikleta ondo mantentzen irakasteko (gurpilen zulaketak konpontzea, balaztak eta kanbioak doitzea, irtendako kateak lekuan sartzea...). Aldez aurretik izena eman beharko da. Ostera, eguenean, hilak 21, "Bicis contra coches" dokumentala proiektatuko dute Algortako Villamonte kultur etxean, 18:00etan; ondoren hitzaldi bat egongo da.
Ekitaldiok barikuan, hilak 22, amaituko dira, 19:00etan, Getxolanen (Ogoño kalea, z/g, Areeta), mugikortasun partekatuko plataformei buruzko hitzaldiagaz eta erakusketagaz. Comparko (aparkalekua aurkitzeko edo norberarena alokatzeko Bizkaiko ekimena), Eusko Car Sharing (autoaren erabilera kolektiboaren kontzeptua sustatzen duena eta ibilgailuen plaza libreak partekatzea bultzatzen duena, ibilgailuaren arrazoizko erabilera arduratsua bultzatzeko helburuz) eta Getxo Bizi (bizikletak mailegatu eta aparkatzeko sistema publiko aitzindaria, Udalak sustatuta) elkarteetako ordezkariek ematen dituzten zerbitzuak azalduko dituzte, baita plataforma horien abantailak ere.
Aurretiko izen-ematea behar duten jardueretarako mezu bat bidali beharko da hurrengo emailera: semgetxo@gmail.com.
Mikroipuinen lehiaketa
Aurten, mikroipuinen lehiaketa egingo da berriro ere. Aurtengoan mugikortasun partekatuko plataformetako esperientziei buruzkoa, eta garraio kolektiboko, oinezko edo bizikletazko mugikortasunari buruzkoa izango da. Gehienez, 300 berbadun kontakizunak entregatu ahal izango dira. Lehenengo saria 100 euroko Barik txartel bat izango da, eta 50 eurokoa bigarrenarentzat.