José Luis Ugarte marinel ospetsu getxoztarra orain dela bederatzi urte zendu zen; Abrako Itsas Errege Klubaren bela-eskolak bere izena daroa. Klub horrek antolatzen du lehiaketa; zapatuan eta domekan horretara batuko dira etorkizun oparoko belazaleak. Bertakoez gainera, Kantabria, Galizia, Asturias eta Frantziatik etorritakoek parte hartuko dute. Zapatuan hiru txanda egingo dituzte, 13:00etatik aurrera. Domekan, berriz, 12:00etan hasiko dira beste hiru txandak. Modalitate denek ordutegi berberak izango dituzte, batzuk Abrako barneko aldean eta besteek kanpoan. Probaren helburuak lehiakorrak izateaz gainera, hezkuntza-mailakoak ere badira: nabigatzaile gazte askorentzat belaontzi-estropadakaz duten lehenengo kontaktua izaten da; gainera, eskarmentua duten kirolzaleakaz neurtzeko aukera ematen die.
Eduardo García Santamarina probaren kirol-zuzendariaren ustean, "estropadazale gazteenei asko gustatzen zaie itsasoa, horretaz jabetzen dira gura bela-eskolan. Parte-hartzaile denek estropada jendetsu horertan izandako eskarmentuaz gozatzen dute. Irail bakoitza gure kirolaren jaia da Abrako uretan. Hitzordu hau ezaguna da oso eta guztiz finkatuta dago bela-munduan; bertan, etorkizunean ordezkatuko gaituzten estropadalariak balioetan hezten dira".