Getxoko hainbat eragilek kulturen arteko jaia egin zuten zapatuan: Getxoko Munduko Arrozak, irailaren 16an. Getxoko pertsonen, taldeen eta eragile sozialen arteko interrelazioa landu gura izan dute horren bidez, beste herrialdeetatik heldu diren lagunak kontuan hartuta, batez ere. Jaiaren egunean umeentzako jolasak, musika emanaldiak, aldarrikapen-kalejira eta herri-bazkaria egon ziren, besteak beste. Ekitaldiak Algortako San Nikolas eta Biotz Alai plazetan egin zituzten.
Getxon lehenengoz aldiz antolatu dute aurton jarduera hori; baina, hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du hurbileko zenbait herri eta auzotan. 2004an jaio zen Bilbo Zaharrean, San Frantziskon eta Zabala auzoetan; askotarikotasuna eta giro ona dira jai horren arrakasta, eta edonorentzako eta denentzako lekua da. Jarrera bortitz, xenofobo, sexista edo homofoborik ez dituzte onartuko bertan.