Epaimahaiak aintzat hartuko ditu establezimendu bakoitzak aurkeztuko duen pintxoaren zaporea, originaltasuna eta euskararen erabilera. GetxOnegin! sari bakarra egongo da pintxo hoberenarentzat. Halere, hiru aipamen berezi ere banatuko dira: euskararen erabilera, barrarik onena eta pintxo tradizional onena.
Lehiaketa horregaz Udalak Getxoren irudi gastronomikoa indartu gura du eta aldi bereran euskararen erabilera sustatu ere, ostalaritzaren eskaintzan kalitatezko faktore gisa. "Aurreko edizioan 56 establezimenduk hartu zuten parte, eta horietatik hirutik bik errotulua nagusia euskaraz edo elebidunez dute, eta ia erdian langileak euskaldunak dira. Urtez urte publikoaren partaidetza ere handitzen ari da, eta horregatik esan dezakegu, apurka-apurka aipatutako bi helburuak lortzeko urratsak ematen ari garela", nabarmendu du Koldo Iturbe Euskara zinegotziak. "Gainera lehiaketa ez da jarduera soila, urte osoan zehar establezimenduei laguntza ematen baitie Udalak, jarduera sustatzeko, errotuluak, menuak eta abar itzultzeko… Horrek eskaintza gastronomikoan kalitatezko gehigarria izatea suposatzen du", gehitu du zinegotziak.
Establezimendu bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango du lehiaketara. Izena euskaraz egon beharko da eta 1 euroko salneurria izango du.
Getxoko edozein ostalaritza establezimenduk eman dezake izena. Izen-ematea doakoa da eta egin ahal izango da ondorengo telefono zenbakietan 944 700 743 edo 638 188 486; www.getxo.eus/euskara webgunean dagoen formularioa betez edo posta elektronikoaz, getxonegin@gmail.com.