Joan den domekan, hilaren 24an, bi adingabek salaketa bana aurkeztu zuten sexu-erasoa eta sexu-abusua jasan zutela azalduz. Iturrien arabera, kasu bietan erasotzailea gizonezko berbera zen.
Biktimek azaldu dutenez, Areetako jaietan zeudela mutil bat hurbildu zitzaien eta haiekaz hizketan hasi zen. Une batean adingabeetako bati, bere baimenik gabe, ukituak egiten hasi zitzaion. Ondoren, beste adingabeagaz leku ilun batera joan eta bertan, ustez, sexu-erasoa jazo zen. Salaketaren arabera, atxilotutako gazteak telefono mugikorra ere kendu zion.
Salaketak jaso ondoren, Ertzaintza ikertzen hasi zen ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotzeko, eta atzo goizean bertan atxilotu zuen Getxon sexu-erasoa, sexu-abusua eta telefono mugikorra lapurtzea egotzita.
Elkarretaratzea, Areetan
Areetako jaietan jazo diren eraso matxista horiei erantzuteko, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak kontzentrazioa deitu du gaurko, martitzenerako, Areetako Eskoletako plazan, 20:00etan.
Horrez gainera, Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak, EAJ, PP, PSE-EE eta Ciudadanos udal-talde politikoen babesagaz, honako hau hitzartu du (GUK Getxo eta EH Bildu ezik, beren desadostasuna agertu baitute, nahikoa ez delakoan):
- Bere gaitzespen eta salaketa adierazi eta bi biktimekiko elkartasuna eta gertutasuna helaraztea.
- Herritarrak premiatzea inolako eraso sexistarik onartu ez dezaten eta, holakorik gertatzekotan, dagokien agintarien aurrean salatzeko.