Emakume haurdun, haurtxo eta familientzako uretako doako jardueren denboraldia hasiko da laster

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 26a, 16:40

Klaseak Gobelako eta Fadurako igerilekuetan izango dira. © GETXOKO UDALA

Datorren urriaren 7an, zapatuan, hasiera emango zaio haurdun daudenentzat eta haurtxoentzat antolatutako uretako doako jardueren denboraldi berriari. Programa Getxo Kirolakek antolatzen du abonatuentzat.

Aurten, zapaturo eskainiko dira goizez Gobelako igerilekuan. Hala, erditze aurreko eta ondorengo klasea 9:30etik 10:10era emango da, eta haurtxoena bi taldetan banatuko da: 10:15etik 10:35era (6 eta 18 hilabete arteko haurtxoak) eta 10:40tik 11:00etara (18 eta 36 hilabete arteko haurtxoak).

Gainera, hilabete bakoitzeko azken domekan, Fadurako igerilekuetan hainbat jarduera ludiko izango dira 3 urte duten haurrentzat (gutxienez heldu bategaz joan beharko dute). Lehen hitzordua urriaren 29an izango da, 10:00etatik 11:00etara bitartean.

Gomendioei dagokienez, komenigarria da parte hartu gura duten haurdunek zerbitzu medikoen oniritzia izatea. Haurtxoek bainu-txanoa, uretako oihala, bainujantzia eta flotatzen duen jostailuren bat eraman behar dituzte.

Interesatuek izena eman dezakete Fadurako (94 430 80 70) edo Gobelako (94 404 51 51) jendearentzako arreta bulegoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun