Asiloa, babesa, migrazioa eta aniztasunari buruzko jarduerak egingo dituzte egunotan

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 27a, 14:35

Siriako errefuxiatuek asilo eta babes bila ihes egin dute euren herrietatik.

Asiloari, babesari, migrazioari eta aniztasunari buruzko hainbat jarduera antolatu dituzte egunotarako Getxon. Horien denen helburua da herritarren artean eskubide horri buruzko hausnarketa sustatzea eta horren inguruan sentsibilizatzea.

Zapatuan, hilaren 30ean, migrazioei eta babesari buruzko ikus-entzunezko baliabideen gida banatuko dute Algortako Villamonteko kultur etxean, Liburutegiak Topalekuaren "Horren urrun, horren hurbil" egitarauaren barruan. Gida www.getxo.eus/liburutegiak helbide elektronikoan ere dago eskuragarri. Egun berean, urteko azken lauhilabeteko lehenengo sakontzeko mintegia ere izango da, Udalaren Zurrumurruen kontrako Estrategiak antolatuta.Gaia Europa eta pertsona errefuxiatuak izango da, gazteleraz. Izena emateko sakatu hemen.

Liburutegiak Topaleku programaren barruan, eta leku berean, Gipuzkoako Mugak-SOS Arrazakeria GKEaren erakusketa bisitatu ahal izango da, urriaren 13ra arte. Asilo eta babesari buruzko hainbat panelek osatuta dago hori, Europako migrazio politikei buruzko hausnarketa egiteko, hedabideen titularrek agertzen dutenetik aldenduz.

Astebete beranduago, urriaren 7an, zapatuan, Liburutegiak Topaleku egitarauak bideo-forum saioa antolatu du Villamonte kultur etxean, 11:30ean hasita. Javi Larrauriren "La luz de aquella tierra, Mujeres republicanas en el Exilio" dokumentala proiektatuko dute bertan. Lan horrek CEAR Euskadi GKEaren ekimenak 40. hamarkadan bizirauten saiatzeko Mexikora heldu ziren emakume talde baten istorioa kontatzen du.

Bestalde, "La Zanja" izeneko antzezpena eskainiko dute Antzerki Jardunaldiek beren programazioaren barruan, CEAR Euskadi entitatearen Caminamos para Crecer taldearen eskutik, urriaren 6an, barikuan, 20:00etan, Utopian zentroan. Bertara joan ahal izateko gonbidapena izatea beharrezkoa izango da eta hori Villamonteko kultur etxean hartu ahal izango da, urriaren 2tik aurrera, eta Utopian zentroan bertan, antzezpenaren egunean, 19:00etatik aurrera.

Azkenik, zabalik dago Susanna Martinek zuzendutako komiki eta aniztasunaren alde antolatutako tailerrerako izena emateko epea. Unesco Etxearen eskutik, ekimena Villamonteko kultur etxean izango da, irailaren 30etik urriaren 28ra arteko bost zapatuetan. Tailerra 10 eta 12 urte bitarteko umeentzat izango da eta bertan kultur aniztasuna, kultur artekotasuna eta estereotipoak landuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun