Kirolaren, ongizatearen eta turismoaren arloan dauden negozio-aukerak landuko dituzte Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko ira. 29a, 10:34

Getxolanen izango dira saioak.

Taldeka Ekintzailetza Programa jarriko dute martxan Getxon, beste urte batez. Egitasmo hori turismoaren, kirolaren eta ongizatearen arloko industrien eta teknologien inguruan ekintzailetzan aritzeko interesa dutenei zuzenduta dago. Interesdunek urriaren 27ra arte izena eman ahalko dute.

 

Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Arloak eta DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak bultzatzen dute Taldeka programa. Gainera, horretan parte hartzen dutenek Aldundiak ematen dituen autoenplegurako laguntzak eskatu ahal izango dituzte.

Ignacio Uriarte Getxoko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloko zinegotziak gogoratu duenez, "ekintzailetza funtsezkoa da udalerrien garapen ekonomikorako. Getxoko Udalaren helburuetako bat da gure udalerrian estrategikotzat jotzen diren alorretan ekimen ekonomikoak garatzea eta dinamizatzea: Kultur eta Sormen Industriak, Kirolaren nahiz Ongizatearen Teknologiak eta Industriak, eta Kulturaren nahiz Ongizatearen Turismoa.  Getxon, baliabide eta azpiegitura nahikoa daukagu sektore horietan jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko; talentua daukagu —ondo prestatutako gazteak, profesionalak, esperientzia zabaleko pertsona nagusiak…— eta programa berritzaileak profesionalizatzeko lanean gaude. Taldeka programa Getxoren estrategiarekin bat dator erabat; izan ere, mikroenpresen, autonomoen, ekintzaileen eta enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko proiektu bat duen edozeinen alde egiten dugu. Udalerri bideratzaile baten aldeko apustua egiten dugu, hartara, elkarlana, laguntza eta sinergiak sustatuz enpresa-garapena lortzeko".

Zer da Taldeka programa?

Azaroaren erdialdetik aurrera, gehienez ere hogeita bost pertsonek (Getxokoek lehentasuna izango dute) parte hartuko dute programa horretan. Programa hori askotariko kolektiboek bizi duten langabezia-egoerari irtenbide berritzaile bat emateko sortu da, modu horretan, lankidetza-formula aberasgarrien bitartez autoenplegurako bidea sustatzeko. Horretarako, parte hartzaileek prestakuntza eta laguntza jasoko dute, negozio-ideien sorrera bultzatzeko.

Taldeka Ekintzailetza Programa hiru fasetan garatuko da. Lehenengoak bi hilabete iraungo du; bertan, "coaching" eta "mentoring" tekniken bitartez parte hartzaileen profil ekintzailea sendotzeko prozesu bat egingo da. Hurrengo bi hilabeteetan, parte hartzaileek negozio-plan bat garatuko dute DEMAren eta Getxolanen laguntzagaz. Azkenik, hirugarren fasean, negozio-plana martxan jarri eta berau kudeatzeko laguntza teknikoa jasoko dute, hamabi hilabetez.

Deialdi honetan parte hartzeko interesa dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Uribe Kosta eskualdeko udalerrietako batean bizi eta bertan erroldatuta egotea (Getxoztarrek lehentasuna izango dute).
  • Langabezian edo enplegua hobetzeko prozesuan egotea.
  • Lanbiden izena ematea.

Informazio-saioa

Ekimen berri horren gaineko informazio gehiago emate aldera, Ekonomia Sustatzeko Arloak eta DEMAk informazio-saio bat antolatu dute. Saio hori urriaren 23an, astelehenean, egingo da Getxolanen bulegoetan (GetxoElkartegia, Areeta). Etorri ahal izateko, nahitaezkoa da izena ematea aldez aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun