Lekualdatzearen kontra agertu dira Ibar Nagusien Etxea elkarteko bazkideak

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 4a, 12:25

Lekualdatzearen kontrako protestak egin dituzte hainbat alditan Ibar nagusien etxean. © GUK GETXO

Imanol Landa Getxoko alkateagaz bilera bat egiteko eskatu du Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteko zuzendaritza-batzordeak; horren bitartez, nagusien etxearen lekualdaketaren inguruan berba egin gura dute.

Nagusien etxearen balizko lekualdaketaren inguruko galdeketa egin zuten joan den astelehenean. Horretan, aukera bi ematen zuten: oraingo lekuan gelditzea edo Romo Kultur Etxe berrira lekualdatzea. Guztira, 540 bazkidek parte hartu zuten galdeketan, "orain arte egindakoen artean parte-hartze handiena izan duena izan da hori", azaldu dute deitzaileek. Horietatik denetatik, % 84k gaur egungo eraikinean gelditzearen alde egin zuten.

Emaitzak ikusita, Ibar Nagusien Etxea elkarteko zuzendaritza-batzordeak Imanol Landa alkateagaz biltzeko deia egin du, lekualdatzearen nondik norakoen inguruan berba egiteko. Horrez gainera, 2017ko apirilean egindako udal-akordioa betetzearen "garrantzia" nabarmendu zuten, eraikina mantentzeko eta konpontzeko.

Horren harira, Getxoko Gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE) Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteko zuzendaritzagaz negoziatu beharko lukeela uste du EH Bilduk. Izan ere, emaitzok ikusita, "nahikoa izan beharko litzateke EAJk aspalditik datorren gatazka honi irtenbide negoziatu bat emateko", koalizio abertzalearen arabera.

EH Bilduren arabera, EAJ duela 2 urte lortutako hauteskundeen emaitzen "interpretazioaz" baliatu egiten da bere ezetza mantentzeko. Hala ere, gogoratu dutenez, "bozka gehiago lortu arren EAJk ez zuela erabateko gehiengorik lortu eta jarrera horrek tamalez hemendik ez hain urrun gertatzen ari diren gatazkak ekartzen dizkigu gogora".

GUK Getxo taldeak ere emaitzak onartu eta zuzendaritza-batzordeak hartutako jarrera babestuko duela adierazi du.

Ibar Nagusien Etxeko zuzendaritza-batzordek emaitzak ezagutzera eman ditu eta horien arabera galdeketan 540 bazkidek hartu dute parte. Horietatik 453 bozka egun dauden lokaletan gelditzearen aldekoak izan dira eta 77 bazkide lekualdatzearen aldekoak izan dira (9 bozka txuri eta baliogabeko bozka bat egon dira).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun