Programa gaur goizean aurkeztu dute Getxoko Aixerrota institutuan. Lekualdatze behartuen inguruko proposamen pedagogiko berritzailea da hori, Udalaren eta udalerriaren kultur artekotasuneko apustuagaz bat egiten duena, bereziki Udalak sustatutako Zurrumurruen kontrako Estrategiagaz.
Kultur Artekotasun eta Immigrazioko Unitatea aspalditik ari da udalerriko ikastetxeakaz eta Berritzeguneagaz lanean:"Lan horri esker gaur agurtu egiten dugu Aixerrota Institutua murgiltzen den ekimena. Agurtu eta eskertu egiten dugu zentroko irakasleak egiten ari diren esfortzua, programaren jasotzaileak, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundea sustatzen duen ekimen eraldatzailea. Eta seguru gaude programan parte hartuko duten gazteek ikasi eta gozatu egingo dutela eta gizarte interkulturala eraikitzeko urratsak emango dituztela, beren herrietatik babes bila ihes egin behar duten pertsonekin gizarte abegikorra, tolerantea eta sentsibilizatutakoa lortzeko", nabarmendu du Elena Coria Immigrazio eta Kulturartekotasuneko zinegotziak, eta amaitu du ikastetxeak animatzen parte hartzera.
Egitaraua
Mugetatik Haratago egitarauak lekualdatze behartuen prozesuak eta errefuxiatuen errealitatea landu gura ditu. Horretarako, ikasleek beren heziketa Azpeitiko Loiola santutegian izango duten hiru eguneko egonaldiagaz osatuko dute. "Nahi duguna da ikasleek ihesak, igarotzeak, heltzeak eta harrerak suposatzen dutenarekin enpatia izatea, beraien bitartez beren familiengana eta Getxo osora ailegatzea, eta baita abegi eta harrera eragile bihurtzea ere", azaldu du Mary Tere Guzmán Alboaneko Ekintza Publiko eta Partaidetzako arduradunak.
Aixerrota institutuko 80 irakaslek parte hartu zuten ikasturtearen hasieran programaren heziketan, eta edukiak ikasgeletan landu ondoren, DBHko 3. mailako 80 bat ikaslek aukera izango dute hiru egunetan Loiolan errefuxiatu eta etorkinen eta desparekotasun globalen errealitatearen bizipenetara hurbiltzeko.
Alfredo Olarra, zentroko ekimenaren arduradunak azaldu duenez, "beren partaidetzarekin mugak gainditu nahi ditugu, bai fisikoak zein ikusten ez direnak (zurrumurruak…), askotan azken horiek zailagoak direlako gainditzeko, eta hori elkartasunaren eta kulturartekotasunaren bitartez lortzea espero dugu".
Proiektu horretan parte hartu gura duten zentroak Getxoko Udaleko Immigrazio eta Kulturartekotasuneko Unitateagaz edo Alboan GKEagaz jar daitezke harremanetan.
Informazio gehiago www.getxo.eus.