Bi pertsona atxilotu dituzte Getxon bide segurtasunaren kontrako delitu banagatik

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 10a, 16:29
© GETXOKO UDALA.

Getxoko Udaltzaingoak pertsona bi atxilotu zituen joan den domekan, bide segurtasunaren kontrako delitu bana egotzita. Polizia iturrien arabera, gidari biek baimendutako alkohol-tasa gainditu zuten. Atxiloketa biak Algortan eta Andra Marin egindako prebentzio-kontroletan izan ziren.

Lehenengo atxiloketa 03:30ak aldera izan zen, Algortan, ibilgailu baten gidariak 0,76 mg/l eman zuenean alkohola atzemateko egindako frogan, hau da, baimendutakoaren hirukoitza. Gidaria, 51 urteko gizona, atxilotu zuten udaltzainek, bide segurtasunaren kontrako delituaz egotzita.

Bigarren atxiloketa 07:30ak aldera izan zen, Andra Marin egindako kontrolean. Horretan, 20 urteko emakume batek 0,80mg/l-ko alkohol-tasa eman zuela jakinarazi du Udaltzaingoak, baimendutakoaren hirukoitza baino gehiago. Hura ere atxilotu zuten, bide segurtasunaren kontrako delitu baten akusaziopean. Era berean, beste ibilgailu baten gidariaren kontrako salaketa administratiboa jarri zuen udaltzaingoak, drogak hartu ondoren gidatzea egotzita. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun