Portu Zaharrean itsas hondoa garbitzeko ekintza 10:00etan hasiko da, ekintza horretan parte hartuko duten talde desberdinei harrera egin eta horien koordinazioa antolatuz. Talde horiek Portu Zaharreko hondartzan bertan batuko dituzte urpekariek itsasotik ateratako hondakinak.
11:30ean hasiko da garbiketa bera eta 12:30ean topaketa bat eta kontzientziazio hitzaldi txiki bat egingo dira. Ekintza amaitzeko, mokadutxo xume bat eskainiko zaie parte hartzaile guztiei.
Getxoko Udalak eta Marefondum elkarteak antolatu dute itsas ekintza hori, eta espainiar Estatuan egiten den III. Itsas Hondoen Garbiketa Nagusiaren barruan kokatuta dago. Estatu osoan egingo da ekintza, itsasertzeko 30 lekutan. Iaz 10 tona hondakin solido baino gehiago bildu ziren guztira, ekimen horri esker.
Ekimen horren helburu nagusia da, ikasleak zein, oro har, jendea sentsibilizatzea gizakien jarduerak kostaldean, ozeanoetan, aintzira eta ibaietan dituen ondorioen inguruan. "Itsaso eta ozeanoetara botatzen diren hondakin solidoek milioi bat hegazti baino gehiago eta ehun mila dortoka eta ugaztun hiltzen dituzte urtero planeta osoan", ohartarazi du Itsas Zaindarien Sareak.
Ekintza horren bitartez gura da, gainera, jendea hezitzea eta arduratzea itsasertzaren aberastasun eta hauskortasunari buruz; hondakinen jatorriari (% 80 bat kontinentean sortua) eta haien iraupenari buruz; eta ekologiagaz lotutako hiritarren jokabideari buruz.
Gainera, beste helburuetako bat da ikastea, kualitatiboki zein kuantitatiboki, hondakinek kostaldeetan duten eragina. Eta, azkenik, beste helburuetako bat ere bada jende guztia, hedabideak, tokiko, Estatuko eta Europako erakundeak makro-hondakinen problematikari buruz ohartaraztea eta mobilizatzea.