Goizeko 08:00ak aldera, Ertzaintza Getxoko Tosu landan sartu da, bertako Tosu Betirako mugimenduko kideak kanporatu eta Metro Bilbaoren parkingaren lanak ahalbidetzeko. Ekologistek uko egin diote alde egiteari, eta hiru lagun kateatu egin dira bertan. Horiek denak askatzeko suhiltzaileen laguntza behar izan dute ertzainek; hala ere, egurrez egindako dorrean zegoen ekintzailea askatu duten arren, bertatik jaisteari uko egin dio. Bertan dago oraindino. Hori dena egin duten bitartean, parkinga egiteko obrei ekin diote beharginek. Etxola eraistea galarazteko herri-harresia egin dute landara hurbildutako lagun denek. Ertzaintza gogor oldartu da horien kontra, eta 25 minutuan denak kanporatu dituzte. Jarraian, hondeamakinak egurrezko etxola bota du. Tosu Betirako mugimenduko kideek mobilizazioak iragarri dituzte egunotarako.