Hirugarren urtea da Kai Jaia edo Portuaren Eguna antolatzen dena, portuko langileen eta enpresen festa handia, alegia. Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak antolatzen du hori, eta jarduera ugari izan ohi ditu, batez ere 0-12 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat. Besteak beste, erreskate-simulazio batzuk egingo dira, helikoptero bat eta polizia-txakurrak ere tartean direla. Hainbat joko ere egongo da (bola-putzua, puzgarriak, hutsera jauzi egiteko puzgarri extrem bat, kulunkak, makillajea, eta abar); hiru antzerki-ikuskizun, Bilboko portuaz zenbait gauza ikasi bitartean ondo pasatzeko; giza-anezka bat; gymkhana bat; photocall bat, non argazki bat doan egiteko eta oroigarri gisara eramateko aukera egongo den, eta portu txiki bat.
Portuak nolakoak diren eta zer lanbide dituzten erakutsiko da portu txikian, modu interaktiboan; hori dela eta, zenbait lan egiteko aukera izango dute bertaratuko direnek: zamaketari, ontzi-amarratzaile, atoiontzi-gidari, portuko gidari, itsas korapilogile… Ontzi-mota desberdinak bereizten ikasteko aukera ere izango dute bisitariek, eta txalupan paseotxo bat egitekoa ere, putzu puzgarri batean.
Kai Jaia gurutzaontzien terminalean egingo denez, portuko zerbitzuetako ontziak ikusteko aukera ere egongo da.
Sarreran, "pasaporte" bana emango zaie bisitariei. Jardueretan parte hartu ahala, zigiluak jarriko dira pasaporteetan; ibilaldiaren amaieran, sari bat emango zaie lauki guztiak bete dituztenei. Guztira, 1.500 sari daude banatzeko.