Getxo Lagunkoia prozesuaren ondorioak argitaratu dituzte

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 19a, 17:34

Getxo Lagunkoia proiektuaren ondorioak aurkeztu dituzte Imanol Landak eta Elena Coriak © GETXOKO UDALA

Bizi kalitate handia, zahartze prozesuaren zailtasuna, pertsona nagusien heren bat udalerriko hiru elkarteetako partaide izatea eta Udalari eskaera guztientzako (elkarteko kideak izanda edo ez) astia eta baliabideak bermatzea dira Getxo Lagunkoia proiektuaren lehenengo fasearen ondorioetako batzuk. Fase hori udalerriaren egoera agerian uzten duen azterketa bat izan da, azken asteotan burututako partaidetza bidezko prozesu batetik ateratako ondorioen bitartez.

Getxo Lagunkoia hiria eraikitzeko proiektu bizia eta zeharkakoa da, pertsona nagusientzako hiri atsegina izateko lan egiten duena, eta ondorioz, adin guztietako pertsonentzat ere. Helburu hori agertzen da 2015/2019ko Legealdi Planaren 49 ekintza adierazgarrien artean eta Udala aurrera eramaten ari den Zahartze Aktiboko estrategiaren barruan.

Proiektua joan den otsailean aurkeztu zen, eta martxoan abian jarri zen, udalerriaren egungo egoera zehazten duen azterketa egiteko lehenengo jarduerekin, maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Horretarako, pertsona nagusiei buruzko datu estatistikoak biltzeagaz batera, partaidetzarako prozesua jarri zen martxan, lan talde batzuk osatuz eta inkesta bat egiten. Inkestetatik eta lan taldeetatik ateratako datuek udalerriko pertsona nagusien lagin zabalak pentsatzen duena ezagutzea ahalbideratu du. Parte hartu duten pertsona nagusiei eskerrak eman dizkie Imanol Landa alkateak, "beren partaidetza, esfortzua eta ekarpenak oso garrantzitsuak izan baitira Getxo Lagunkoia proiektua aurrera eramateko".

Lan taldeak eta inkesta

Martxoan eta apirilean pertsona nagusiek osatutako zortzi talde eta beste bat profesionalek osatutakoa elkartu ziren Gizarte Zerbitzuetako egoitzan zortzi esparru aztertzeko. Hain zuzen ere, adin desberdineko 78 pertsona nagusik (horietatik 38 emakume eta 40 gizon) parte hartu zuten. Horietatik, bizitoki desberdinetako 56 pertsona, 60 eta 74 urte bitartekoak izan ziren; hamabost, 75 eta 85 urte artekoak eta hiru, 85 urtetik gorakoak. Aztertutako ardatzak honako hauek izan ziren: garraioa, etxebizitza, gizarte sarea, errespetua eta inklusioa, herritarren partaidetza eta enplegua, komunikazioa eta informazioa, gizarte eta osasun zerbitzuak, kanpoko espazioak eta eraikinak. Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten entitatetako lagunek osatu zuten bederatzigarren taldea eta aipatutako gaiak ere aztertu zituen.

Bestalde, maiatzaren 13tik ekainaren 1era 507 inkesta egin ziren, 60 urtetik gorako pertsonei, hurrengo gaiei buruz: Getxoko bizi kalitatea, kanpoko parkeak, zirkulazioa, hiri seinaleztapena, gizartea eta laguna, boluntarioak, astia, segurtasuna, garraioa, etxebizitza, errespetua eta inklusio soziala, komunikazioa eta informazioa eta Gizarte eta Osasun zerbitzuak. Inkestak telefonoz eta era presentzialean egin ziren edadetuak ibiltzen diren tokietan, hau da, osasun zentroetan, kultur aretoetan, kiroldegietan eta pertsona nagusientzako zentroetan. Kasu horretan parte hartzaileen adina hurrengoa izan da: 131 lagun 60 eta 64 urte bitartekoak; 218, 65 eta 74 urte artekoak;  73, 75 eta 80 urte bitartekoak, eta 85 lagun 80 urte baino gehiagokoak. Nabarmentzea inkestan parte hartu duten 75 urtetik gorako pertsonen kopuru altua (158).

Ondorioak

  • Gehiengo zabal batek agertu du bizi kalitate ona, eta jarduera eta baliabide ugari eskaintzen dituen udalerrian bizi dela.
  • Bi jarduerek agerian utzi dute zahartze prozesuaren konplexutasuna, pertsona nagusien kolektiboaren barruan adin talde desberdinak daudelako, behar eta interes desberdinekin. Alde batetik, 60 urtetik 75era eta kasu batzuetan 80era arteko pertsona nagusiak daude, osasun eta bizi baldintzetako aurrerapenei esker gaur egun osasun egoera ona dutenak, autonomia maila onarekin eta menpekotasun maila gutxirekin. Bestetik, 75/80 urtetik aurrerakoak  osasun egoera ahulago duten pertsonak izaten dira, autonomia gutxiagorekin eta menpekotasun maila handiagorekin.
  • 60 urtetik gorako 24.700 pertsonetatik heren bat udalerrian dauden pertsona nagusien hiru elkartetako bateko kidea da. Bestalde, %20 bat (batez ere 60 eta 75 urte bitartekoak) elkarte desberdinetan laguntzen du (kultura, gizarte, boluntario..). "Udalerriko pertsona nagusien artean dagoen aniztasun handia (adina, egoera…) kontuan hartuta, argi geratu da pertsona guztientzako (elkarteko kidea izanda ala ez) astialdirako eskaintza egokia bermatzeko udalari egindako eskaera edo exijentzia", nabarmendu du alkate getxoztarrak.
  • Baliabideen banaketa egiterakoan aniztasun funtzionalaren arabera 60 urtetik gorako pertsona nagusi autonomoak daude, 60 urtetik gorako autonomi gutxi galdu duten pertsonak eta mendekotasun maila handiko pertsonak.  Sailkapena garrantzitsua da, pertsona nagusien zahartze erari begirako aurreikuspen falta atzeman delako. Menpekotasun egoera sortzekotan, oso gutxik  dute antolatuta euren bizitza.
  • Genero ikuspegiari dagokionez, generoagatik bazterketa egoerak zaintzeko beharra atzematen da, kasu batzuetan emakumezkoak baitira gehienak (zainketa lanetan adibidez..)
  • Aniztasuna islatzen duen zahartze aktiboari buruzko irudia zabaltzeko beharra ikusten da, pertsona nagusiak arreta sozialaren hartzaile gisako eta pertsona pasiboen iruditik aldenduta. Pertsona aktiboen irudia nabarmendu behar da, udalerri moderno eta garatua eraikitzen segitu nahi bada. Arrazoi horregatik ere,  nagusien ezaguera aprobetxatzea sustatu behar da. 

Pertzepzioak

Parte hartu duten pertsonen pertzepzioen artean, gehiengoak aitortu du zahartze ona izateko jarduera eta baliabide anitz eta ugari eskaintzen dituen udalerrian bizi dela, hobetzeko hainbat alderdigaz. Horietariko askotan ari da lanean daborduko Udala edo lan egiteko asmoa du.

Inkestaren arabera, %89 poztasun maila altua du udalerriaren bizi kalitatearen aurrean, hurrengo puntu zehatzetan: kanpoko guneak, garraioa, begirunea eta inklusioa udalerriaren bizitzan, etxebizitzak beharretara egokitzea eta Gizarte eta Osasun zerbitzuak.  "Ildo horretan,  parte hartzaileek onartu dituzte udalerriak paseatzeko eta astia emateko eskaintzen dituen aukerak, eta bestalde, eskatzen dute komun publikoak, bidegorriak, elkartzeko estalitako guneak..zaintzea. Positibotzat jotzen dute udalerriko goiko aldeetara erraz heldu ahal izateko ipintzen ari diren mekanismoak eta erabilera komuneko tokietan baloreetan oinarritutako heziketarako beharra azpimarratzen dute, besteak beste, txakurren  gorotzei, espaloietako oztopoei, zaratari, bizikleta, oinezko eta ibilgailuen arteko bizikidetzari lotutakoa”, azaldu du Elena Coriak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Galdetutako pertsona gehienak nahiko informatuta sentitzen dira, baina eskertu egingo lukete hori egokitzea hizki handiagorekin, irakurterrazarekin, eta hizkuntza errezagaz. Aldi berean, teknologia berriak erabiltzeko heziketa eskatzen dute eta bide teknologietarako bideak erraztea ere. Komunikazioak koordinatzeko eta zentralizatzeko garrantzia ere azpimarratu dute.

Hurrengo urratsak

Datu horiekaz, Udalak Getxo Lagunkoia proiektuaren hurrengo fasea esleituko du, zeharkako eran jarduerak antolatzen segituko du, pertsona nagusientzako udalerri atsegina eraikitzen jarraitzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun