Goizeko 12:30ean abiatzekoa zen manifestazioa berandu hasi eta motel ibili da aurrera. Tosuko landaren ondotik pasatzean, martxak hasieran zeukan ibilbidetik desbideratu da, eta martitzenean hutsarazitako gunean sartu da, elektro-txaranga bategaz. Kontzertuaren ostean amaitutzat eman dute martxa ekologistek.
Ostean, dozenaka lagunek kendu dituzte aparkalekuaren hesiak, eta Tosu Betirako kideek landa okupatzera deitu dute. Bertan zeuden segurtasun-guardiak autoan sartu dira eta minutu pare baten ondoren heldu dira lehenengo ertzainak; ordu bi beranduago, Brigada Higikorreko zortzi furgonetek itxi dituzte landarako sarbide nagusiak.
Tosu Betirako kideek iragarri dute Ertzaintzak “bortxakeria erabiliko” zituela; “guk ostera, baketsu jokatuko dugu, beti legez; hori da gure arma” nabarmendu dute. Ildo berean, landan dagoen makineria ez ukitzeko eskatu dute behin eta berriro talde ekologistako kideek.
Okupazioan parte hartu gura ez zutenei edo beste konpromisoren bat zutenei, lasai alde egiteko esan diete ekologistek. Besteei, berriz, zenbait egitekoak proposatu dizkiete: komuna eta etxola eraikitzea, bazkaria prestatzea, ortua goldatu eta landareak ipintzea eta entretenimenduak antolatzea, besteak beste. Etxola eraiki eta bazkaldu ondoren, erresistentzia prestatzeari ekin diote 150 bat lagunek, landan sakabanatu eta taldeka eserita. Besteak beste, bertan egon dira Xabi Benito euro-legebiltzarkide itzubaltzetarra, Ahal Dugukoa; Paula Amieva eta Kike Prada GUKeko zinegotziak; eta Nerea Gijarrubia eta Ibon Rodriguez EH Bilduko zinegotziak. Modu berean, bertoko auzokideak eta Gasteizko Errekaleor auzo okupatuko kideak ere Tosuko ortua babesten egon dira.
Tosu Betirakok azaldu duenez, okupazioan abokatu bat egon da, sor litezkeen lege-arazoei aurre egiteko. Izan ere, ertzainek jakinarazi dute okupazio-, kalte- eta erresistentzia-delituak leporatuko zizkietela ekologistei. Modu berean, poliziek adierazi dute landan zeuden lagun denak identifikatuko zituztela. Ondoren, istiluen aurkako tresneria antolatu dute ertzainek. Tosu Betirakoko kideek galdetu diete ea zertarako gura zuten hori, "joan den martitzenean legez eta beti egin dugun moduan bezala" erresistentzia "erabat baketsua" izango zela azaldu ostean. "Euren buruak babesteko dela esan digute, norbaitek harriren bat botako balie, beharko lukeelakoan". azaldu diete ekologistak okupazioan parte hartu duten herritarrei. "Guk esan diegu horrelakorik ez dela egongo eta kasua emango balitz gu izango ginatekeela lehenengoak hori geldiaraziko luketenak".
Orduak pasatu dira, eta ertzainek Tosuren inguruan sartu eta irteteko dauden bide eta zirrikituak miatu dituzte, landa okupatu duten herritarrak abesten eta dantzatzen zuten bitartean, besoak elkarri lotuta, hamar multzotan.
Azkenean, 18:00ak aldera, ertzainek alde egin dute. "Irabazi dugu! Alde egin dute!" iragarri dute Tosu Betirako kideek jendaurrean. Txalo artean azaldu dutenaren arabera, "Tosu bakean uzteko agindua jaso dute goitik. Beti ere makinak ukitu ez eta segurtasun-guardiak lasai utziz gero, beti egin dugun legez". Dena den, ohartarazi dute ez dakitela egoera hori noiz arte mantenduko den.
Hala, herri-ortuaren kontrola berriro hartu ostean, Tosu Betirako kideek ekin diete etxola eta komuna bukatzeari, kanpin-dendak ipintzeari eta ortuari azken ukituak emateari.
"Garaipenaz garaipen gabiltza, eta gaurkoa beste garaipen bat izan da", azaldu du Jon Gomez Tosu Betirako kolektiboaren eledunak. "8.000 etxebizitza eraikitzeko mega-proiektua bota zen atzera duela 10 urte; lurren desjabetzak egin behar zituzten orain dela 3 urte, eta ez zuten lortu; joan den urtarrilean obrak hasi behar zituzten eta ezin izan zuten. Orain berriro obrak hasteko ziren eta hemen gaude berriro ere", laburbildu du egoera Gomezek. Azaldu duenez, "oso pozik egoteko momentua da" gaurkoa. Ekologistak nabarmendu du "herria ahalduntzen lortu dugula hau, eta frogatu dugu ganoraz eginez gero helburu handiak lor ditzakegula. Hala, masiboki eta modu baketsuan jokatu dugu, ehunka jenderen manifestazio batez eta ia mila pertsonako okupazioagaz". Gainera, kolektiboarentzat garrantzi handia izan du "belaunaldien arteko erantzun bat lortu izanak: gazte asko izan dira, baina baita bertako auzokide heldu eta nagusi asko ere bai". Hesiak kentzeko desobedientzia-ekintzan ehunka lagunek parte hartu izana ere azpimarratu dute Tosu Betirako kideek: "hesia denon artean kendu dugu". Izan ere, azaldu duenez, "ez gara talde txiki bat, jendartearen gehiengoa gara".
Gomezek ez daki noiz arte egongo dira okupazio berri honetan, baina sartzea erabat zilegia dela uste du: "gunea berreskuratzera sartu gara, legitimoa delako. Getxoko Udalbatzaren gehiengoak ere esan du ez duela parkinga hemen egin gura. Erakunde publikoek sustatzen dabiltza aparkalekuaren proiektua, baina horren atzean hainbat politikari daude, beste inor ez"
Horrezkero, Tosu berriro da herri-ortu okupatua eta martitzenera arteko ohiko funtzionamendura bueltatu da. Gaur, kontzertuak izango dira, reggae- eta rap-doinuetakoak, eta, ondoren bertako beharrak eginda, afaltzen eta lotan geldituko dira bertan dozenaka lagun.