Etxebizitza Jardunaldiak antolatu ditu Getxoko EH Bilduk azaroaren 16, 17 eta 18rako

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 25a, 12:29

Etxebizitzaren problematikari aurre egiteko eredu zein politikak ezagutzeko eta alternatibetan sakontzeko asmoz, Etxebizitza Jardunaldiak antolatu ditu Getxoko EH Bilduk datorren azaroaren 16, 17 eta 18rako. Horretarako, beste leku batzuetan aurrera eramaten ari diren ereduak ezagutzeko Errenteriako, Gasteizko, Bilboko, Durangoko eta Bartzelonako hizlariak gonbidatu dituzte. Egun bakoitzeko gai bana jorratuko dute: 6an, lehenengoan Etxebizitza eta Gazteak; 17an Etxebizitza ereduak: eta azkenik, 18an, Etxebizitza politikak.

Getxoko EH Bilduk nabarmendu du etxebizitza-plan bat izatea "ezinbestekoa" dela Getxon. Hala, elkarte zein norbanakoakaz izandako hartu-emanaren ondorioz, hainbat neurri eta politika barnebiltzen dituen plan bat osatu du koalizio abertzaleak.

Azaldu dutenez, plan horrek "indar berezia egin nahi du alokairu duin baten sustapenean. Horregatik neurri ezberdinak planteatzen ditu Getxon alokairuzko etxebizitza parke publikoa osatu dadin, etorkizunean eraikiko diren etxebizitza babestu guztiak alokairuan esleitu daitezen, urteak igaro arren erosteko aukerarik gabe".

Era berean, egun Getxon dauden etxe-hutsen problematikari "aurre egiteko pizgarriak" proposatu dituzte, baita kanona ere, horiek guztiak alokairuan merkaturatu daitezen.

"2016an gure akordioari esker lortu ziren diru-laguntzei dagokionez, horiek mantendu eta sakontzeko apustua egiten dugu, gazte, zein nagusien etxebizitza beharrei behar bezala heltzeko", adierazi dutenez.

Aurrekoez gain Getxon Etxebizitza kolaboratiboaren proiektua (cohousing) martxan jartzeko proposamena egin du EH Bilduk, "belaunaldi ezberdinen arteko bizikidetza aberasgarria bezain aproposa izan daitekeelako bizitzako fase ezberdinetan dauden getxoztarrentzat".

Getxoko EH Bilduren etxebizitza plana:

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun